GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Psikologia

Jolasen bidez, zer gertatzen zaien azal dezakete haurrek

Sintoma bakar bat nahikoa izan liteke haur batek arazoak dituela ikusteko. Arreta handiz begiratu beharrekoa da haurrak eskolan, lagunekin edo etxekoekin duen jarrera, maite dituen pertsonenganako kezkak eta beldurrak ezkutatzen direlako askotan haren jokabidearen atzean.

p016_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Ume batek arazoak dituenean, askotan, gurasoek izan ditzaketenen ondorio direla uste dute eredu psikologiko askok, eta horregatik, gurasoekin egin behar dela terapia. Iñigo Ochoa de Alda doktorearen ustez, ordea, haurrak arazoak izateak, ez du nahitaez adierazten inguruan arazoak dituela, eta horregatik, zuzenean txikiarekin egiten du terapia. Ochoa de Alda Donostiako Psikologia Fakultateko irakaslea da, baita Psikoterapia Dinamiko eta Sistemikoaren Euskal Elkarteko kidea ere. Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan haurrengan psikoterapiak izan ditzakeen ondorioak aztertu zituen atzo.

Doktoreak azaldu zuenez, beren haurrak arazo bat duela ikusten dutenean, horretan gehiegi zentratzen dira gurasoak, eta haur hori gainerakoak bezala haztea galaraz lezake horrek. Gainera, beren seme-alabek arazoren bat dutela ikusten dutenean, ulertzekoa den bezala, beren arazoak alde batera uzten dituzte, txikien ongizatea garrantzitsuagotzat dutelako. Hala, familiarteko arazoak ahaztuz, haurraren arazoaz gehiegi arduratzen dira batzuk, beraienak konpondu gabe.

Psikologo batzuek uste dute lehenbizikoa dela gurasoek beren arazoak konpontzea, familia ondo egituratuta badago, haurraren beraren garapena ondo bideratuko delako. Ochoa de Aldaren ikuspegia bestelakoa da, halere; haren ustez, haurrek badute zer esan, eta hitzez edo beren irudimenezko munduen bidez adierazten dutena entzutea beharrezkoa da.

Gaur egun umeak ez dira orain dela 20 urte bezala heziak. Lehen, arauak jartzen zizkieten, eta betetzen ez bazituzten, zigorra jasoko zuten. Gaur egun, aldiz, txikienganako indarkeriaren legeria hain denez zorrotza, gurasoek ez dakite euren umeei nolako heziketa eman. Ez dira ezer egitera ausartzen, traumaren bat sortuko dioten beldur dira. Aintzat hartu behar da, ordea, askotan, gurasoen arreta bereganatu nahi dutelako portatzen direla gaizki umeak, eta arau batzuei heltzea beharrezkoa dutelako, halakorik gabe noraezean ikusten dutelako euren burua. Gurasoen beharra dute, eta hori erakusteko bihurrikeriak egiten hasten dira.

Beste batzuetan, bikote barruko arazoak saihesteko erabiltzen dute haurra gurasoek. Horrekin batera, gerta liteke umeak bere burua aitaren eta amaren artean kolokan ikustea, eta batak zein besteak bera erakartzeko egiten duten indarren arteko triangelu batean preso geratzea. Hau da, umeak ez du bien artean aukeratu nahi eta batekin dagoenean gaizki sentitzen da, besteak zer pentsatuko duen kezkaz. Zenbait kasutan, halere, gurasoetako baten alde jarriko da umea.

Txikiek, 5-6 urte dituztenean, dena beren inguruan biraka dabilela uste dute, eta gurasoei gertatzen zaien guztia beren erruz dela. Horregatik, gurasoek ez dira seme-alaben arazoen atzean ezkutatu behar eta umeek sentitu behar dute gurasoek ez dutela beren beharrik.

Ulertzeko teknikak

Oso garrantzitsua da haurrek zer sentitzen duten jakitea. Ochoa de Aldak teknika berezi bat proposatzen du horretarako. Kontsultan, umeen alegiazko munduan sartzen da, marrazki, ipuin eta jokoen bitartez. Umeari panpinekin pertsonaia bat aukeratzeko eskatzen dio, haurra bera irudika dezan. Jarraian, pertsonaia horren familia panpina gehiagorekin irudikatzeko eskatzen dio, eta gero, etxean gertatzen dena azaltzeko. Sistema hori erabiliz, psikologoa gai da haurrak etxean duen egoeraz jabetzeko, eta ondoren, pertsonaia horietaz baliatuz, ipuin bat idazteko. Istorioa gurasoei irakurtzen die, eta hala, etxekoek ere jakin dezakete zein den haurraren arazoa.

Beste sistema bat da haurrari pentsaraztea arazoa gurasoek dutela, eta berak lagundu egin behar diela konpontzen. Adibidez, bakarrik lo egiteko beldurra zuen neskatxa bati Ochoa de Aldak esan zion bakarrik egoteko beldurra zuena haren ama zela, eta beldur hori uxatzeko oheratzen lagundu behar ziola amari, peluxeak utzi, musu eman eta lasai-lasai lotara joan. Hala, neskatxak amaren ongizatean pentsatuz bere beldurrak gainditzea lortu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo