Berangoko Santo Domingo jaietan, hiru eguneko egitarau trinkoa
Berangon Santa Ana jaien ondoren Santo Domingo festak ospatuko dituzte gaurtik aurrera datorren ostiralera arte. Beste gauzen artean, gaur umeentzako dantzaldia, sagardo festa eta pilota partiduak egongo dira. Igandean bakailaoa pil-pil erarako herri bazkaria egingo dute koadrilek. Horrez gain, hiru egun hauetan zehar zahar eta gazteek ondo pasatzeko aukera ugari izango dituzte, modu herrikoiean antolatutako egitarau parte hartzaileari esker.
Nagore BELASTEGI
Joan den astean amaitu ziren Santa Ana jaietan agortutako indarra berreskuratzeko ia denborarik izan gabe, badatoz Berangoko santodomingoak. Uribe Kostako herri honetako aurtengo ospakizunak hiru egun hartuko ditu, gaurtik hasita ostiralera arte. Festa hauetan ohi den bezala, berebiziko garrantzia izango du aurten ere herritarren parte hartzeak, eta norberak egun hauetan ondo pasatzeko ahal duen guztia egingo du.
Eguerdian ekingo diote egitarauari. Lehenengo ekitaldia 12.00etan puntuan egingo duten meza santua izango da. Jarraian, 13.00ean, herriko zahar eta txikiak izango dira protagonista. Izan ere, nagusientzako hamaiketakoa egingo dute eta Simon Otxandegi Dantza Taldeko ikaslerik gazteenek emanaldia eskainiko dute.
Jaiak arratsaldean egingo du aurrera, 18.30ean Txikiglub taldeak haurrentzat eskainiko duen dantzaldiarekin. 19.00etan, helduek ere ondo pasatzeko, idi probak hasiko dira.
Ordu erdi geroago, eskuz binakako pilota partiduak izango dira frontoian. 20.00etan, berriz, pilota gustatzen ez zaionarentzat sagardo festa hasiko da. Bertsolariak eta trikitilariak arituko dira giroa alaitzen.
Eguna bukatzeko, 22.00etan erromeria egingo dute Egan taldearekin. Ziur, dituzten abesti ezagun eta alaiekin inor ezingo dela gorputza astindu gabe egon.
Igandean jarraituko dute
Datozen egunetan ere berangoztar guztientzako ekitaldiak izango dira. Esaterako, bihar goizean eta arratsaldean adin guztientzako jolas parkea eta ludoteka jarriko dute, familia osoko kideak elkarrekin egoteko. Ostiralean, berriz, arratsaldean, animalien ikuskizuna eta poney ibilbidea izango dira, eta gero txokolate jana egingo dute.
Iganderako ere ekitaldi dezente prestatu dituzte. Eguerdian, bakailaoa pil-pil eran jateko aukera izango dute herri bazkarian. Ez da lehiaketa izango, koadrilak biltzeko aitzakia baizik. 17.30etik aurrera, berriz, adineko bizkaitarrei hainbeste gustatzen zaien txitxarrillo dantzaren txanda izango da. Horrez gain, haurrentzako jolas parkea ere izango da goizez eta arratsaldez.