GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Suteak Errusian

Agintarien utzikeriak suak kaltetutakoak haserretu ditu

Errauts bihurtutako Verkhnyaya Vereya herrixkako bizilagunak haserre bizian daude Errusiako Gobernuarekin, eta etxebizitza izandako hondakinen aurrean, suteari aurre egiteko erantzun egokia eman ez izana leporatzen diete.

p021_f01_148x108.jpg

Benoit FINCK France Presse

«Laguntza eskatu genuen, baina inork ez zuen ezer egin!», salatu dute Moskutik 500 bat kilometro ekialdera dagoen herrixka honetako biztanleek. Haiek ere sututa daude, eta hala jakinarazi zioten Vladimir Putin lehen ministroari, suak eragindako kalteak aztertzera gerturatu zenean.

Garrak Verkhnyaya Vereyako basoan ikusi eta «herriko emakumeek Larrialdi Egoeretarako Sailera jo zuten laguntza eske, baina ez zuten deus egin», dio alkandora barik oihuka, Pavel Tcharikovek.

«Dena oso azkar gertatu zen, suak segundoko 25 metro egiten zuen aurrera, gizon bat traktore gainean erreta hil zen», gogoratu du Tcharikovek, baina kexu da, «agintariek garaiz erantzun izan balute, hau guztia ez zatekeen gertatuko».

Aurpegia keaz babesteko maskara batez estalirik duen beste lekuko batek herritik ihes egin aurretik eskuko telefonoarekin ateratako argazkiak erakusten ditu.

Bero bolada

Haize ufada bortitzek, aurrekaririk gabeko bero boladari lotuta, Errusiako lurralde lehor horietako sua bizitu zuten eta asko zaildu zituzten garrak itzaltzeko lanak.

Datu ofizialen arabera, hamaika lagun zendu ziren Verkhnyaya Vereyan, baina bertako bizilagunek diotenez, hamarka hildako daude, ia berrogeita hamar. «Baina haiek [agintariek] ez dute sekula esango», azaldu du Tcharikovek.

«Begira horri, guztiz kiskalita dago», oihukatu du beste gazte batek, bere etxea zenaren ataritik. «20 minututan erre zen guztia», gaineratu du bere izena ezagutzera eman nahi ez duen mutikoak.

Herritik 30 bat kilometrora dagoen umeentzako kanpaleku batean eman diete behin-behineko ostatua bizilagunei, eta bertatik eskualdeko agintaritzaren jarrera arbuiatzen jarraitzen dute, haien etxeak babestu eta suari aurre egiteko ekipamendu egokiak ez jartzeagatik.

«Sua itzaltzeko, ekipo eta tresneria berezia ezinbestekoak ziren. Baina ezer ere ez zegoen prest, beti bezala», gaitzetsi du Alexander Pazioukek.

«Jendeak ezin izan zuen urik ere lortu, iturria apurtuta zegoelako», gaineratu du ironiaz. Bysken bizi da, suak kaltetu ez duen gertuko hiri txiki batean.

Esperoan

«Lur orotako ibilgailua galdu dut, eta nire traktorea hemen aparkatuta zegoen (Verkhnyaya Vereyako kiskalitako etxe baten aurrean). Biktimen zerrendan eman dut izena, baina ikusiko dugu zer gertatzen den», azaldu du Pazioukek.

Vladimir Putin lehen ministroak sutearen biktima bakoitzeko 200.000 errublotako (5.000 euro inguru) diru laguntza emango duela hitzeman du, baina horietako askok zalantzan jartzen dute diru hori ikustera helduko diren, sobera ezagutzen baitute herrialde honetako diru publikoaren desbideratzea.

«Putinengan sinesten ez badugu, norengan sinets dezakegu?», galdetu du errusiar emakume adindu batek, herrialdeko gizonik boteretsuenetakoarenganako konfiantza erabat galdu ez duela erakutsiz.

«Honen guztiaren erruduna ez da Putin, hemengo agintariak baizik, eskualdeko gobernadorea da erruduna», ziurtatu du Pazioukek. Beste herrikide askok bezalaxe, eskualdeko funtzionarioei hondamendia ekiditeko «ezertxo ere» egin ez izana leporatzen die.

«Snoviteko adibidea ikusi besterik ez dago», azaldu dio Pazioukek AFPko kazetariari, bertatik hamabost bat kilometrora dagoen herrixka bati aipamena eginez: «Bertan, ekipo eta material guztia prest zuten. Ez da ezer erre».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo