GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Errugabetasun-presuntzioa? Zer da hori...?

Gurutz Agirresaroberen eta Aitziber Ezkerraren atxiloketa Estatu espainoleko hedabideen albiste nagusi edo nagusietakoa izan zen atzo. Baina oso gutxi izan ziren atxilotuak «ustezko» ETAko kideak direla edo «ustez» Joseba Pagazaurtunduaren heriotzarekin zerikusia zutela esan zutenak. Polizia iturrien eta haien arduradun politikoen bertsioa izan da nagusi, ia bakarra, eta, errugabetasun presuntzioa, zuzenbide liburuetan baino existitzen ez den printzipioa. Hainbat politikarik ere erakutsi zuten erabat ahaztua dutela printzipio hori, zuhurtzia bezala. Hernaniko polizia operazioak aurrekoen ildo propagandistiko berari jarraitu zion eta, aurrekoetan bezala, Barne ministro Perez Rubalcaba ez zen berandutu hedabideetatik bere mundu ikuskera zabaltzeko. Gabonak baino lehen, atentatu ikusgarria edo pertsona garrantzitsuren baten bahiketa iragarri zituenean, ardurarik eza leporatu zioten alderdiek; hala ere, zenbait hilabete geroago, Rubalcabak berak ez zuen lotsarik izan esateko ez zela halakorik gertatu bere Ministerioak eta Poliziak eragotzi zuelako, eta atzo ere adierazpen berdintsuak egin zituen. Orain dela urtebete, ETAk bi guardia zibil hil zituenean, hain zuzen, erakunde armatuak «hiltzen jarraituko» zuela esan zuen, ordea, «hiltzea oso erraza» omen da eta. Nolanahi ere, ministroak ez du aukerarik txikiena ere galtzen bere asmo propagandistikoa praktikan jartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo