Langabeziaren jaitsieraren datuekin erakutsi nahi eta aldi berean ezkutatu ezin dena
Langabeziak behera egin duela jakitera eman zuen atzo espainiar Lan Ministerioak. «Turismoaren denboraldiak bultzatuta», esango dute batzuek. Besteek, antzematen dela berpizkunde ekonomikoa, Estatuan laugarren hilabetez langabeziak behera egin izanak lan merkatua egonkortze bidean dagoela erakusten duela... Onartu berri den lan erreformarekin, bestetik, enpresaren galera-aurreikuspenak langileak kaleratzeko aski arrazoitzat jotzen dira. Kaleratzea erraza zen eta are merkatzen du erreformak; non eta zer negoziatzen den ukatuz, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa, mamigabetzea dakar. Haren defendatzaile sutsuenek kontratazioen ugaritzea ekarriko duela aldarrikatuko dute. Baliteke datu gordinetan hala izatea, baliteke.
Lan eskubideen murrizketa, kontratazioan prekarizazioa lege, kaleratzea libre... horiek ere hor daude, langabeziaren datu puntualek erakutsi nahi ez eta ezin ezkutatuzko. Ekonomikoa bezain politikoa eta soziala den krisiak bete-betean jo, umiliatu eta porrotera eramandako milaka jenderen kondairak ez dira datuetara itzuliko. Datuek esaten dutena ongi irakurri behar da; esaten ez dutena baita, sarri, benetako datua.