GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Musikak badu sekretu bat...

Kutsatutako kuriositateak bultzatuta-edo, musikari heldu natzaio igaro berri den ikasturtean. Ez dakit jakin-minagatik izan den ala egunerokotasunetik ihes egite aldera erabaki nuen, baina ikasitakoak askorako balio izan didala goraipa dezaket, batez ere, musika beste begi batzuekin begiratu eta beste barrualde batekin sentitzeko. Pasa den irailean izu puntu batekin heltzen nion saxofoiari, hatzak non jarri jakin gabe, inoiz ikusitako tramankulu hauskor eta, era berean, ezin maneiatuzko bat esku artean jarri izango balidate bezala. Hilabeteekin konturatzen ari naiz, ordea, zulo txikietatik irteten den airea Do, Mi, Sol zein dena delakoak entzunarazteko gai dela, hots, bere sekretuak apurka-apurka ezagutarazten dizkidala.

Uztailaren azken egunetan, Canfranc-en (Huesca), Pirineos Classic adin guztietako jendeari zuzendutako ikastaroak eman zituzten eta, aurten, Sant Andreu Big Band orkestra kataluniarraren emanaldiak eman zien itxiera. Orkestra handi eta dotoreetara ohituta-edo, trajez jantzitako 30 urtetik gorako jotzaileak espero nituen taula gainean. Irudia guztiz bestelakoa zen ordea; Europako bandarik gazteenak egin zuen Duke Ellington-i eskainitako programa osoa, eta nola gainera! Apenas zituen zortzi urte goialdeko izkina batean jarritako tronpeta jotzaileak, eta ziur ez zela 16 urteetara iristen birritan edo hirutan jazzik gozoenari ahotsa jarri zion neskatoak; ederki moldatzen zen hura ere tronpetarekin.

Saxofoi jotzaileak ere baziren, bat baino gehiago, eta denak adin txikikoak. Altuak, tenoreak, baritonoak... haien zulo guztiek entzunarazten zituzten melodien jabe egindakoak. Mi, Sol, Do, Fa, La, Re, Si... konbinazio guztietan aspaldidanik jabe egin zirela erakutsi zuten. Baina, saxofoiaren zulo bakoitzak esaten zuena hain ondo ezagutzen bazuten, non geratzen da haientzat musikaren sekretua? Melodia berriak konposatzea edo mailarik goreneneko partituren sortzaile izatea izan litezke, agian, sekretu berrietara daramaten ateak baina, nik badakit, nahiz eta musikan jakitun ez izan, musikaren sekretua bakoitzak bere barnean gordetzen duena dela. Nik, badakit non dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo