Hastear daude Hamabostaldiko obra eta egileei buruzko musika proiekzioak eta hitzaldiak
Proiekzioak doan ikusi ahal izango dira, abuztuaren 5ean hasita, Medikuen Elkargoan, eta hitzaldiak, hilaren 10etik aurrera, Victoria Eugenia antzokian, bertan egingo diren kontzertuen aurretik.
GARA | DONOSTIA
Aste honetan hasiko dira Donostiako Hamabostaldiaren inguruan antolatu diren musika proiekzio eta hitzaldiak. Bertan, jaialdiko kontzertuetan entzun ahal izango diren obrak ikusi, entzun, aztertu, edota obra eta artista esanguratsuen inguruko gaiak jorratuko dira, makina bat adituren eskutik.
Proiekzio musikalak bihar hasiko dira (Stravinsky), eta gero, abuztuaren 6an (Berliozen «Romeo eta Julieta»), 16an (Chopin eta Mahler), 20an (Tchaikovsky) eta 23an (Mussorgskyren «Boris Godunov») jarraituko dute Medikuen Elkargo Ofizialean (Frantzia Pasealekua, 12). Donostia Musika elkarteak antolatutako ekimen honen helburua, zaleei Hamabostaldian gozatu ahal izango diren zenbait obraren gakoak helaraztea da. Hamabostaldiak kolaboratzaile moduan parte hartu du ekimen honetan.
Bestalde, Victoria Eugenia antzokiko Txinatar Gelan musikaren inguruko gaiei buruzko hitzaldiak ere izango dira. Abuztuaren 10ean («Stravinsky, en torno a los Ballets Rusos» gai hartuta), 11n («El mundo parisino de 1910... franceses, rusos, españoles»), 27an («Los grandes escritores y la orquesta van al cine») eta 29an («La música y el poder político en el siglo XX») -Antzokian egun horietan egingo diren kontzertuen aurretik (18.00etan)- Stravinsky musikaria ardatz edukiko duten hitzaldiak izango dira, Roman Gubern edota Javier Elzo adituen eskutik, besteak beste.
Era berean, abuztuaren 31n, konferentzia baten bitartez omenduko dute Alicia de Larrocha, joan den urtean zendu zen pianista handia. Hau ere, Victoria Eugeniako Txinatar Gelan, eta kontzertuaren aurretik (18.00etan). Bai honi, bai aurreko hitzaldiei dagokienez, egun bereko kontzerturako sarrera duen edonor bertara daiteke, Musika Hamabostaldiko bazkideez gain.
Musika udalekuak
Bestalde, Hamabostaldiaren inguruko ekintzen baitan, herenegun aurtengo musika udalekuak jarri ziren martxan, Xabier Lizasorekin elkarlanean antolatu direnak. Tailer horiek 4 eta 15 urte arteko gaztetxoen topagune izan ohi dira, eta adinen araberako taldeetan banatuta, bi asteren buruan musikaren munduan barneratuko dira jolas, marrazki, kantu eta dantzaren bitartez, besteak beste.
Proiekzioak doan ikusi ahal izango dira, bihartik hasita, Medikuen Elkargo Ofizialean, eta hitzaldiak, hilaren 10etik aurrera, Victoria Eugenia antzokian, bertan egingo diren kontzertuen aurretik.
Musika proiekzioak bihar hasiko dira Medikuen Elkargo Ofizialean. Maria Jose Cano aurkezle dela, Stravinskyren «Suzko txoria» eta «Udaberriaren sagaratzea» eskainiko dituzte, 18.45ean.
Abuztuak 10: «Stravinsky, en torno a los Ballets Rusos». HIZLARI: Santiago Martin Bermudez eta Roger Salas.
Abuztuak 11: «El mundo parisino de 1910... franceses, rusos, españoles».
HIZLARI: Jorge de Persia eta Isabel Diaz Morlan.
Abuztuak 27: «Los grandes escritores y la orquesta van al cine (cine, literatura y música)». HIZLARI: Roman Gubern.
Abuztuak 29: «La música y el poder político en el s. XX (Stravinsky, Shostakovich...)».
HIZLARI: Javier Elzo eta Maria Jose Cano.
Lekua eta ordua: 18.00etan, Victoria Eugenia antzokiko Txinatar Aretoan (Donostia).