Apustuak eta amodio liskarrak Gorritiberearen lan berrian
Eguraldi nahasia gorabehera, errodaje lanetan buru-belarri dabil «Arriya» filmeko lan taldea. Zestoako plazan daude egun hauetan Alberto Gorritiberearen azken filma egiten, zaldi eta mando artean, ziurrenik film luzeko zatirik zailena izango dena filmatzen.
Maddalen LARRINAGA
Zestoa bezalako herri txiki batean, film grabaketa batek beharrezkoa duen lan talde zabala biltzea ez da egunero ikusten den kontua. Gainera, herritarrak grabaketaren parte direnean, are eta bitxiagoa izaten da. Hori da, hain zuzen, Alberto Gorritibereak bere azken filmarekin Zestoan sortu duen egoera. Filmak «Arriya» du izena eta hori izango da film luzeko protagonista, harria, alegia.
Gorritiberearen buruan zazpi edo zortzi urte zeramatzan proiektuak. Madrilen lanean zebilela «gure herriari begira, edo ez dakit zeri begira» lan berri honi buruzko «hausnarketa» otu zitzaion. Eta filmaren lehenengo agerraldia orduantxe ikusi zuen.
Filmak herri baten, eta aldi berean, bi familien arteko istorioa kontatzen du. Baina zehazki, bi familiek beren artean duten apustu bati buruz hitz egiten du «Arriya» lanak. Eta garai batean egiten zen moduan, harriarekin erabakitzen da apustuaren garailea. Batzuek zaldia erabiliko dute harriari tira egiteko, eta besteek, mandoa.
Bi familia azaltzen dira, bata euskalduna, betidanik herrian bizi izan dena, eta bestea, duela urte asko kanpotik etorritakoak, eta erdal hiztuna. Bi xehetasun horiek kontuan hartuz, ez da arraroa filma bi hizkuntzetan izatea. Jatorrizko bertsioa euskaraz egingo dute, nahiz eta elkarrizketa ugari gaztelaniaz izan. Zuzendariak azaldu zuenez, «naturaltasuna» ari da bilatzen. «Herri honetan euskara hor dago, baina gaztelania ere gure kulturaren zati da», gaineratu zuen, eta horregatik, horrek ere jatorrizko bertsioan agertu behar duen iritzia duela.
Kontakizunaren abiapuntua gaur egungo garaia da, nahiz eta ez duen urte zehatzik finkatzen. Jarraian, denboran atzera egiten du. «Pertsonaiak hezten joaten dira atzera-joan horretan», azaltzen zuen Gorritibereak. «Bere berezitasuna historiarekin eta denborarekin egiten duen joko hori da».
Gazteak eta betikoak
Aktoreen artean gazteak nahiz urte asko daramatenak topatuko ditugu. Iban Garate («Aupa Etxebeste!», 2005) euskal familiako seme gazteena izango da, Begoña Maestre («Hospital Central») erdal hiztuna den familiako alaba Maria da, eta Sara Casasnovas («Amar en tiempos revueltos» eta «Hospital Central») herrira oporretan joan den jauntxoaren (Joseba Apaolaza) alaba, Jone. Hori izango da hirukote nagusia. Familia-kideak honakoak dira, besteak beste: Egoitz Lasa («Wazemank»), Aitor Beltran («Algo para descongelar», 2005), Ramon Agirre («Aupa Etxebeste!», 2005) edo Kandido Uranga («La buena nueva», 2008). Horiez gain, Joseba Apaolaza, Patxi Santamaria, Zorion Egileor edo Joxemanuel Goikoetxea ere topa ditzakegu Zestoako plazan zehar. «Alde horretatik, oso babestua sentitzen naiz. Egia esan, aktore ugari dauzkagu eta denak aktore onak», esan zuen zuzendariak esker onez.
Iban Garate (1982), adibidez, Peru da; etxe euskalduneko semerik gazteena. Bere erabakiak hartzea kosta egiten zaio Peru gazteari; «ez du sekula pausorik ematen, ez du ibaia gurutzatzen, ez ditu hankak bustitzen, eta beti geratzen da ur ertzean», azaldu zuen Garatek. Erabaki bat hartzerako, beti inguruko beste norbaitek hartzen du, eta bere bizitzan eragin egiten du, gainera. «Bada bere buruaren jabe, baita bere erabakien jabe ere, baina ez du sekula erabakitzen. Hori da bere harria, bere harria eta pisua». Eta hori nahikoa ez eta, etorkinen familiako alabarekin harremana du. Joseba Apaolazaren pertsonaia bere alaba Jonerekin agertzean, hirukote bat sortuko da: Jone, Maria eta Peru.
Ramon Agirrek (1954), bestalde, Antxon du pertsonaia, etxe euskalduneko aita. «Apustu zalea da, apustua darama zainetan, ez du besterik buruan. Eta apustua antolatzeko eta irabazteko edozer egingo luke», esan zuen Agirrek berak, pertsonaia deskribatzeko. «Oso tipo ironikoa da», ziria sartzea asko gustatzen zaiona, batez ere aurkariari, «desgaste psikologikoa egiten duen horietakoa da», gaineratu zuen. Ironikoa, eta, gainera, oso zorrotza. Gaizki tratatzen du bestea, «maketo» deitzen ditu etorkin familiako kideak. Gainera, badu arrazista puntu bat ere. «Euskal Herriko pertsonaia bat, estereotipo horietako bat», nabarmendu zuen Ramon Agirrek.
Iban Garatek azaldu zuenez, filmaketa prozesuak alde onak eta txarrak izaten ditu. Alde batetik, jende ezagunarekin egiten dute lan, «euskaraz pelikula bat egiteak hori dauka, denok ingurukoak garela eta azkenen berriketan egoten gara». Baina, bestetik, «hamaika orduko lanaldiak egiten ditugu, goizeko zortzietatik arratsaldeko zazpietara, baina lanean hiru pasatzen ditugu, beharbada, eta beste zortzi ordu zain; eta zain egoteak gehiago nekatzen du lana egiteak baino. Lanean egon ahal izan banu, nahiago nuke», aitortu zuen Garatek.
Zazpi astetako errodajea
Gutxienez zazpi bat astez ibiliko dira filmaketa lanean. Orain Zestoan daude, gero Zumaia bisitatuko dute, baita Azpeitia eta Lasaoko errota bat ere. Gainera, irailean Zestoara itzultzeko asmoa dute nobilladak egiten baitituzte bertan, eta egoera aprobetxatuz, filmeko zatitxo batzuk egin nahian dabiltzala azaldu zuen Iban Garatek.
Kokapenak aurkitzea ez da lan erraza izaten, askotan, aurrean daukazunaz ez zara benetan ohartzen. Baina Zestoako hautua oso argi zuen Gorritibereak: «Zestoako plaza neukan buruan aspalditik. Asko gustatu izan zait beti, gainera erabilera anitzekoa da, gauza askotarako erabiltzen den plaza da». Leku bat hautatuta izanik, besteak topatu behar, eta lan horretan hasterakoan milaka kale hasi ziren bilatzen. Azkenean, ordea, «etxe ondoan eta bulegotik 50 metrora beste lokalizazio bat nuela ikusi nuen», eta hala, azkenean Zumaia, zuzendariaren jaioterria, filmeko parte garrantzitsu bat bilakatu da.
Ondoren, noski, muntaketa eta ekoizpen lanak datoz. Baina, zuzendariak argi zuen lortu beharrekoa; «aurten bukatzea espero dugu, eta horrela, datorren urtean estreinatzea filma. Hemendik kanpoko jaialdiren batean egitea da gure aukera nagusia». Horretarako aukera egokia Zinemaldia ez ote den aipatzean, ez duela horretan gehiegi pentsatzen azaldu zuen Gorritibereak: «ez da nire helburuetariko bat».
Filmak darabilen aurrekontua ez dago guztiz argi. Zuzendariak berak ez du diru kopururik zehaztu nahi izan: «Batzuek milioi bat diote, beste batzuek milioi eta erdi, egia esan, ez dakit». Orain arte Madrileko Kultura Ministerioa sartu da proiektuan, eta Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearen zain daude.
Herritarren ogibide berria
Zestoarrak buru-belarri dabiltza errodaje lanetan. Herriko plazari 60ko hamarkada inguruko giroa ematea da beren eginbehar berria. Horretarako figurante, lan asko eta aldi berean lotsa gutxi behar da. Izan ere, apustu batean giroa oso garrantzitsua da, baina ez da oso erraza herritarrek lotsa galdu eta oihuka arituko balira bezalako keinuak egiteko eskatzea. Pazientzia eta toma ugari beharrezkoak izaten dira halakoetan. Baina herritarrekin oso pozik daude pelikulako partaideak. «Zestoako jendeak asko lagundu digu hasiera honetan», eskertzen zuen Gorritibereak. «Gu gustura gaude, parte hartzen dute eta oso giro polita dago», zioen Ramon Agirre aktoreak.
Herritarren artean mota guztietako jarrerak ikus daitezke. Jakin-mina orokorra da, halere. Zestoako plaza inguruan adin guztietako jendea zegoen bilduta atzo goizean. Mandoarekin egin beharreko entsegu guztiak behatu zituzten ehunka begik, eta aurreko egunean lanean ibili zen zaldiarekin alderatzeraino iritsi ziren batzuk.
Beste herritar batzuek figurante lanak zituzten esku artean, eta hor zuzendariaren laguntzailearen aholku eta eskariak bete behar zituzten; animo gehiago adierazteko, edo oihu gehiago egiteko eta abarrekoak. Guztiak garai haietako arropak jantziz, herria 70eko hamarkadara itzularazi zuten.
Herriko plazako zenbait balkoitan amona batzuk ikusten ziren grabaketa beste ikuspuntu batetik antzeman nahian, eta jatetxeko langile bat eguneko menua azaltzen ibili zen plazan zehar sakabanatuta zeuden aktoreen eta langileen artean, ez baita lan makala izan behar hainbeste pertsonentzako bazkari bat prestatzea.
Beste batzuk ordea, ez daude oso gustura pelikularen grabaketa bere herrian egitearekin. Izan ere, herriko enparantza oinezkoentzat itxita egoten da grabaketa orduetan; hau da, goizeko zortzietatik, arratsaldeko zazpiak arte, eta eragozpena iruditzen zaie, itzulingurua egin behar izaten baitute.
Ekoizpen taldea eta Ramon Agirre gustura daude tokatu zaien eguraldi nahasiarekin, euripean lan egin behar badute ere: «Eguraldiarekin zortea izaten ari gara, eguzkia hau baino okerragoa da»; baina grabaketan bertan ibili behar diren herriko figurante batzuek ez dute oso begi onez ikusten. Talde horren barruan dagoen neskatxa bat adibidez, etengabeko zirimiria noiz geldituko zain zegoen udaletxeko aterpean, aspertu aurpegiarekin.
Jarrera kontrajarri horien arrazoia zein den argi zuen Iban Garatek: «Grabaketa nobedadea da edozein herrirentzat. Ni azkoitiarra naiz, eta Azkoitian egingo bagenu pentsatzen dut jendea ere begira egongo litzatekeela. Kontua da neurrian egiten bada, astebetetxo bat hemen, eta gero beste nonbaiten, ez dela ezer pasatzen. «Aupa Etxebeste!» egin genuenean, adibidez, bi aste edo egon ginen Bergaran, trafikoa etenaz gainera, eta jendea urduri jartzen hasi zen; baina, bestela, laguntzeko prest daude beti.»
Alberto Gorritiberea zumaiarra da zuzendari lanetan dabilena. Orain arte «Eutsi!»(2007) filma, «Oteiza 1908-2008 y sigo» (2008) eta «Flysch, el susurro de las rocas» (2010) dokumentalak ditu eginda. Proiektu hau ordea, desberdina da oso orain arteko lanekin alderatuz.