GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

«Artillero, dale fuego...»

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Abuztuan sartuak gara eta askoren opor garaiarekin batera, herri eta hirietako festa gehiago datozkigu. Zeledon etorri zaigu dagoeneko, Gasteizko Andra Mari Zuriaren festei hasiera ematera, eta jai giro eta parrandarekin batera, hiriko kaleak eta Principal antzokia, antzezlanez bete dira. Donostiari ere gutxi geratzen zaio aurtengo Aste Nagusiari hasiera emateko, baita Bilbori ere. Abuztuak, hondartza eta izozki garaiarekin batera, festaz beteriko egutegia dakarkigu. Eta festarik festa nabilen honetan, bada arte eszenikoei dagokienean ospatzeko zerbait, ESZENIKA hain zuzen ere. «Ezkontzen zaigula pastelero. Eta zeinekin eta norekin?...»

Lau urte barru Basurtun izango baitugu Euskal Herriko Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola. Arte dramatikoari dagokionez, hiru espezialitate izango dira: Eszena Zuzendaritza eta Dramaturgia, Eszenografia eta Interpretazioa. Dantzari dagokionez, ere, hiru espezialitate izango dira: Dantzaren Pedagogia, Koreografia eta Interpretazioa. Eta Eszenako Teknikariei dagokienez, formazioa eta goi mailako titulazioa izango da. Horrez gain, artista eta teknikariei zuzenduriko graduondokoak ere izango dira, baita Master Class bereziak ere. Ikaskuntza hauek guztiak unibertsitateko graduen baliokideak izango dira. Gure antzerkiak badu beraz, ospatzeko arrazoirik. Hemendik aurrera, gure gazteek ez baitute Euskal Herritik atera beharrik izango Arte Eszeniko ikasketak egin ahal izateko. Eta ez hori bakarrik, eskola honekin, arte eszenikoek merezi duten lekua izango baitute gure herrian «... Prasku mozkorraren alabakin. Eta zeñekin eta norekin?...»

Eta herri eta hiriak festez betetzen diren bitartean, Tricicle taldearen azken lana ikusteko aukera izaten ari gara Donostiako Victoria Eugenia antzokian hilaren 8ra arte, «La venganza de Don Mendo» antzezlana, hain zuzen ere. Pedro Muñoz Secak idatzi eta 1918. urtean estreinaturiko komedia aski ezagun hau, apur bat moldaturik dakarkigu hogeita hamaika urte agertoki gainean daramatzan Tricicle taldeak. Joan Gracia, Paco Mir eta Carles Sans hirukoteak osatzen duen taldeak jatorrizko testuaren funtsa mantenduaz hainbat aldaketa egin ditu, hala nola egungo txiste eta hitzak sartu ditu, obra pixka bat moztu du eta elkarrizketak gehitu ditu, besteak beste. Antzerkia, beraz, jai giroan murgildurik dago eta eskolaren inguruko berri on hori dela-eta eskolaren osasunaren alde topa egin nahi nuke «...Orpo zikiñaren alabakin».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo