Aurrekontu txikiagoa izanda ere, ekitaldi berriak dakartza Donostiako Aste Nagusiak
N. B. |
Donostiako Aste Nagusiak berrikuntzak izango ditu, krisia dela-eta aurtengo aurrekontua iazkoa baino %15 txikiagoa izan arren.
Donostiako alkate Odon Elorzak eta Kultura zinegotzi Denis Itxasok aurtengo Aste Nagusiko egitaraua ezagutzera eman zuten atzo portuan. Aurtengo jaiak irudikatzeko erabili zituzten hiriko ikurrak barkilleroa, buruhandiak, zezensuzkoak eta Kontxatik kendutako toldoak izan ziren.
Abuztuaren 14an izango da jaiei hasiera emango dien kainoikada. Nahiz eta egitarauak Edurne Pasaban ekitaldian izango dela iragarri, azken momentuan jakin zen, familia arazoak tarteko, ezin izango duela parte hartu, eta «Artillero dale fuego» abesteko haren lekua betetzeko beste norbaiten bila ari dira Udaleko ordezkariak.
«Abordatzea», Udalaren ahotan
Aste Nagusiak iraungo duen 8 egunetarako 327 ekitaldi antolatu ditu aurten Donostiako Udalak; inoiz baino gehiago, gero eta elkarte gehiagoren parte hartzeari esker. Horren adibide da Donostiako Piratek abuztuaren 16rako antolatu duten «Abordatzea». Elorzak urtetik urtera indartzen ari den ekitaldia dela esan zuen eta horregatik egitarau ofizialean sartzea erabaki dutela, jendeak gustuko duelako.
Horrez gain, Trinitate plazan ekitaldiak egiteko baimena eman die Udalak Piratei. Izan ere, jaietako lehenengo egunean, Bebe, Ze esatek! eta Sorkun taldeek kontzertuak eskaintzea lortu dute piratek.
Pasealeku Berrian ez da dantzaldirik izango, azken urteetan gero eta jende gutxiago joan izan delako. Horren ordez, Kursaaleko terrazetan «Kultura arteko Terrazak» antolatuko dituzte. Bertan Alemania, Magreb, Mexiko, Kuba eta Huescako musika, gastronomia, tailerrak eta azoka izango dira. Bestalde, beheko terrazetan egin ohi dituzten diskoteka saioak antolatzen jarraituko dute. Horrela, beste nazioetako jendea erakartzea espero dute, batez ere Estatu frantsesekoak.
Ekitaldi horiez gain, betikoak ere antolatu dituzte; kirol saioak, antzezlanak, txistularien alardea edo arrantza lehiaketa, besteren artean. Gainera Saguesen, Los Planetas, Delorean, The Wailers, Los Suaves, Maldita Nerea, Betagarri, Loquillo eta Kiko Veneno taldeak izango dira, luxuzko kartela.
Odon Elorzak nabarmendu zuen jaien helburua ondo pasatzea dela, baina Aste Nagusira joaten direnei hiria garbi mantentzeko eskatu zien. Bestalde, ezker abertzaleak abuztuak 14rako deitu duen manifestaldia baimentzearen inguruan erabakitzea berari ez zaiola egokitzen esan zuen. Halere, manifestaldian istilurik ez izatea espero duela adierazi zuen.