Musika Hamabostaldiaren irekierarekin batera hasiko dira organo zikloa eta ikastaroa
Donostiako Musika Hamabostaldiak urtero antolatzen dituen organo zikloa eta ikastaroa, hilabeteko iraupena duen Hamabostaldiarekin batera hasiko da larunbatean, 20.00etan, Azkoitiko Santa Maria elizan.
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
Aurtengoa Organo Erromantikoko Nazioarteko Ikastaroaren 27. edizioa izango da. Larunbatean hasiko da, Hamabostaldiarekin batera, eta abuztuaren 13an amaituko da.
«Organo ziklo hau egitearen arrazoia organoak dira», esan zuen Esteban Elizondok, ziklo eta ikastaroaren koordinatzaileak. Izan ere, Gipuzkoan Cavaillé-Coll etxeko hamahiru organo daude, «agian organo erromantikoen bildumarik garrantzitsuenetako bat».
Elizondoren ustez, musikarien ogibidean «interpretazioa oinarrizko arloa» da, eta hori dela-eta, interpretazio ikastaroa egiten dute. Aurten, Olivier Latry frantsesa izango da irakasle eta, lehen aldiz, kontzertua eskainiko du Donostian; abuztuaren 9an, 20.00etan, Santa Maria elizan. Bertako organoaren ezaugarriei egokitutako programa eskainiko du, non, besteak beste, Alexandre Boëly, Robert Schumann edo Franz Liszten obrak entzungo diren. Ikastaroan parte hartuko duten ikasleak Japonia, Alemania, Austria, Italia, Frantzia eta Belgikatik etorriko dira; organo ikasle edo irakasleak guztiak.
Ziklo honen barruan, Donostian, Azkoitian, Deban eta Usurbilen ere kontzertuak izango dira alde batetik, eta bestetik, organo ikastaroa egingo dute aipatu bezala. Ikastaroak astebeteko iraupena izango du, abuztuaren 9tik 13ra, eta amaiera parte hartu duten ikasleen kontzertu batekin emango zaio Donostiako Santa Maria elizan.
Lehendabiziko kontzertua Donostiako San Bizente elizan izango da, 20.30ean, eta Tomas Garbizu (Lezo, 1901) musikagile eta organista euskaldunari eskainitako kontzertua izango da. «Joan XXIII. Aita Santua Meza (Meza ekumenikoa)» izeneko bere obra estreinatuko da, abesbatza eta organorako idatzitako partitura. Instrumentuen tenplu horretako organista nagusi Koro Saenz izango da, Beasaingo Loinatz Abesbatzarekin batera.
Bestetik, eliza berean Massimo Nosetti italiarra ere arituko da eta aurtengo Hamabostaldian emango duen bigarren kontzertu honetan François Couperinen obra joko du, beste askoren artean. Couperinen obra duela 350 urte Donibane Lohizunen ospatu zen Luis XIV.aren eta Austriako Maria Teresaren arteko ezkontzaren efemerideari eginiko keinu bat izango da. Bestalde, Luis Urteagaren «Fantasía religiosa»ren interpretazioa ere entzun ahal izango da; izan ere, hura hil zela 50 urte bete dira aurten.
Abuztuaren 10ean, Estatu espainoleko neoklasiko estilo barruko organorik handiena duen elizan emango du kontzertua Willibald Guggenmosek, Artzain Onaren katedralean, 20.00etan.
Abuztuaren 12an, berriz, San Inazio elizan, Juan de la Rubia organo-jotzaile gaztearen txanda izango da. Edward Elgar, Jean Alain eta Max Reger konpositoreen obrak eskainiko ditu.
Debako Santa Maria elizan Ana Belen Garciak, Loreto Aramendik eta Alize Mendizabalek, orain dela gutxi Koruko Andre Mariaren Basilikako organista titular izendatutakoek, musika frantsesa izango dute oinarri.
Zikloa eta ikastaroa amaitzeko, abuztuaren 13an Olivier Latryk berak eta bere ikasle izandakoek kontzertua eskainiko dute Santa Maria elizan, ikastaroaren egoitza nagusian, 20.00etan.
Tokia: Donostiako Santa Maria eliza eta San Bizente eliza,
Azkoitiko Andre Maria eliza, Debako Santa Maria eliza eta Usurbilgo San Salbatore eliza.
Data: Abuztuaren 7tik 13ra.
Antolatzailea: Donostiako Musika Hamabostaldia.