«Borrokanrrola», faxismoaren eta arrazakeriaren aurkako soinu banda berria
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako borrokak badu soinu banda berria: «Borrokanrrola». Euskal Herriko mugimendu antifaxistaren ekimenez, eta Fer Apoa (Estricalla) eta Aitor Kolinas (Suspenders) musikariek bultzatuta, Euskal Herriko hogei musika taldek bat egin dute bilduma berri hau osatzeko: tartean, Macarrada, Stupenda Jones, Oliba Gorriak, Iheskide, Sermond`s, Des-Kontrol, Pib All Stars, Suspenders, Itziarren Semeak, Akatz eta The Sparteens... Bilduman parte hartzen duten taldeen artean, musika aniztasuna da nagusi, beti ere rock musikaren baitan, taldeak aukeratzeko unean euskal musika eszenako errealitate ezberdinak jaso nahi izan direlarik. Talde ezagun eta kontsakratuetatik bidea urratzen ari diren taldeetaraino, underground giroko musika taldeak ahantzi gabe, bilduma erakargarria osatu dute, gaur egun egiten den musika zutabe nagusitzat hartuta.
Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako bilduma hau orain argitaratzea ez da kasualitate hutsa. Fer Apoak, diskoaren sorkuntzan eta musika taldeen aukeraketan ibili denak, horrela ulertzen du egun bizi dugun egoera: «Azken hilabeteetan faxismoaren adierazpide ezberdinen gorakada nabarmen bat bizi izan dugu gurean. Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketaren ondorenak adibide txiki bat besterik ez dira izan, non eskuineko espainiartasun bortitzena kaleratu den».
Alta, kezka hori ez da azken hilabetetako gertakarietara soilik mugatzen. Azken urte hauetan eskuineko mugimenduek pauso eraginkorrak eman dituzte irekiak dituzten frente anitzetan. «90eko hamarkadan, Europa osoan hedatu zen Skin-Nazi mugimendua gurera ere iritsi da, eta sendotzen ari da. Hemen badira espainiar faxismoarekin loturiko erakundeak, baina euskal naziak ere badira. Internet sarean dute presentzia nagusiki, baino kalean ere nabarmentzen hasi dira. Zentzu horretan, ez dugu ahantzi behar eskuin muturreko Falange y Tradicion Española bezalako erakundeak inpunitate osoz ekinean ari direla... Eta bide berean, España 2000, Frente Nacional...Beti izan dira hor, ez da gauza berria, baina inoiz baino indartsuago daude egun», azaldu du. Musika munduan ere eskuin muturreko adierazpenek isla badute. Duela urte batzuk ezinezkoa zirudiena, egun errealitatea da: «Irun eta Errenteria aldean bada RAC (Rock Against Comunist) musika era lantzen duen euskal talde bat. Odolaren Mendekua dute izena, euskaraz abesten dituzte kantuak eta eskuin muturreko pentsaera faxista argia agertzen dute».
Musika mugimendutik
Disko bilduma hau osatzeko, musika taldeen inplikazioa handia izan da. Proposamena musika mundutik jaio zen, eta musikari berak izan dira egitasmoa koordinatzen eta antolaketa lanetan ibili direnak. Aitor Kolinasek honeal azaldu du: «Musika taldeen inplikazioa handia izan da prozesu osoan zehar. Musika beti izan da bozgorailu eraginkorra mezua hedatzeko, eta faxismoaren kontrako borrokaren gaur egungo soinu banda egin nahi izan dugu». Diskoaren liburuxkan agertzen den esaldi batek laburbildu dezake argiro bildumaren mezua: «Maita ezazu musika. Gorroto itzazu faxismoa eta arrazismoa!». Lelo ezagun horrekin bat egin dute hogei musika taldek, zeintzuk kantu bana eskaini duten musutruk.
Orokorrean, bilduman agertzen diren kantu gehienak azken bi urte hauetan grabatutakoak dira, eta talde bakoitzak argitaratu ditu beren diskoetan. Horietako asko, berriki kaleratu diren diskoetan dira, eta beste batzuk laster ikusiko dute argia, ordea. Alta, bilduman badira kantu zaharragoak eta zenbait bitxikeria ere. «Mortis Causa taldearen kantu esanguratsu bat berreskuratu nahi izan dugu bildumarako», dio Kolinasek. «Taldeak grabaketak eta kantu berriak egiten jarraitzen badu ere, `Fuerza contra el sistema' kantua ereserki moduko bat da eta abesti hau bilduman sartzeak balio berezia ematen dio lanari», zehaztu du musikari bilbotarrak. Aipaturiko kantua 1993. urtean grabatu zen, eta nahiz eta denbora asko pasa erregistratu zenetik, ez du bere zentzua galdu.
Musikalki disko anitza egin nahi izan dute antolatzaileek. «Ez genuen musika mota bakarreko bilduma bat osatu nahi. Faxismoa borrokatzeko era ugari dago, eta musika erritmo ezberdinak horren lekuko argia dira», dio Fer Apoak. Rock hitza erabili dute diskoaren azalean, baina lau hizki horien atzean musika era ezberdinek bat egiten dute diskoak irauten duen ia 70 minutuetan. Reggaea, punka, hardcore azkarra, punk-rock bizia, ye-ye erakoak... bai eta balada antzeko bat ere. Zentzu horretan, «musika era guztiak dira baliogarri faxismoaren aurkako borrokan».
Mezua eta jarrera
Bildumako kantuen gaiak ez daude espresuki lotuta faxismoaren kontrako borrokarekin. Alde horretatik, musika taldeei askatasuna eman nahi izan diete abestia aukeratzeko orduan: «Ez genuen nahi disko osoan zehar ideia bera errepikatzea. Taldeen konpromisoa egunerokoan islatzen da, eta ez bakarrik kantu zehatz batzuetako hitzetan», dio Suspenders taldeko ahots Aitor Kolinasek.
Diseinu ederreko liburuxkan bilduta, musika taldeen gaineko informazioa eta kantuen letrak biltzen dira taldearen argazkiarekin batera. Era berean, faxismoaren kontra borrokan eragile diren zenbait webgune eta erakunde ezberdinen loturak ere jasotzen dira, informazioa eskuratzeaz gain, musika eta aldarrikapena uztartuz. Disko bildumaren lehen edizio hau zazpi euroren truke eskura daiteke ohiko leku alternatiboetan eta musika dendetan. Sarean helbide elektroniko bat egokitu dute Internet bidezko eskaerak egiteko: sare.antifaxista@gmail.com. Hor bidaltze gastuak gehituta, diskoa etxeraino bidaltzen dute. Diskoen salmentatik eskuratzen diren etekin guztiak borroka antifaxista sustatzeko erabiliko dituzte, zehazki, azken urte hauetan guztietan izan diren epaiketa eta isunak ordaintzera bideratuko da.
Aurrera begira, disko bilduma aurkezteko zuzeneko kontzertuak antolatzen hasiak dira. Lehendabizikoa, abuztuaren 21ean izango da, Bilboko Zazpi Katu gaztetxean. Epe laburrean, diskoan parte hartu duten musika taldeekin jaialdi handi bat egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dute data erabaki.
Diskoa: «Borrokanrrola Faxismoaren aurka».
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Kantu kopurua: Hogei.
Taldeak: Stupenda Jones + Ihesbide + Bajo Presion + Kaleginez + Radio Aktiva + Des-Kontrol + Akatz + Infernuko Panpinak + Suspenders + Trigger Travis + Macarrada + Estricalla + Itziarren Semeak + Mortis Causa + Sermond´s + Oliba Gorriak * Pleonakis Plektos + Dale Ke Aun Respira + Pib All Stars + The Sparteens.
Iraupena: 67 minutu.
Formatoa: CD-a.
Salneurria: 7 euro.
Sarean: sareantifaxista.blogspot.com.
«Diskoan parte hartu duten talde guztiek musu-truk egin dute, trukean inongo diru saririk jaso gabe. Aurrera begira, bilduma lan gehiago izango direlakoan gaude»
«Gure mezua hedatzeko tresna eraginkorra da musika. Asko gara faxismoaren kontrako borrokan anplifikadoreak erabiltzen ditugunak»
Ugariak dira gurean urtean zehar argitaratzen diren disko bildumak: diskoetxeek, musika kolektiboek, elkarteek, erakundeek edota gazte kolektiboek formula hau erabili izan dute noiz edo noiz. Horietako asko, borroka mota bati, edota salaketa zehatz bati atxikita heltzen dira, musika, ideiak zabaltzeko eta mezua hedatzeko tresna baliagarria dela aldarrikatuz. Horietako bat dugu faxismoaren kontrako bilduma berri hau.
Disko bilduma anitza eta koloretsua da «Borrokanrrola Faxismoaren aurka» izeneko bilduma hau. Hogei musika taldek bat egiten dute, bakoitzak kantu bat eskainiz eta trukean inolako diru saririk jaso gabe, musu-truk. Euskal Herria luze-zabalean hartzen duen bilduma da honakoa; nagusiki Bizkaia eta Gipuzkoako taldeak batu ditu eta emaitza anitza izan da musika estiloei dagokienez. Egia da bertan topatu ahal diren 20 kantuek ez diotela ezer berririk eskaintzen Euskal herriko musika eszenari, izan ere, lehen bolumen honetako kantu guztiak aurrez argitaratuak izan dira talde bakoitzak plazaratutako diskoetan. Alta, bilduma entzunerraz, atsegin eta esanguratsua dela ezin daiteke uka, gaur egun egiten den musikaren ispilu argi bilakatuta. Bitxia da ikustea, nola, ideia eta mezu zehatz baten gerizpean, musika era ezberdineko musika taldeek bat egin dezaketen. Estricallaren hardcore azkarretik, Stupenda Jonesen punk-rockera, Akatz taldearen erritmo beroetatik, The Sparteens taldearen ye-ye estiloraino, musika eskaintza zabal eta koloretsua agertzen du lanak. Alta, musika talde hauek guztiak ideia bakar batek elkartzen ditu: faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako etengabeko borrokak, hain zuzen.
Koldo OTAMENDI