Zenbaki iraingarriak, krisian iraingarriagoak
Burtsa espainiarrean kotizatzen duten enpresen etekinek gora egin izana ekonomiaren susperraldiaren zantzu gisa aurkeztu nahi duenik ez da faltako; hala ere, krisi ekonomikoak milaka familia gogor kolpatzen dituen unean, langabezia aspaldiko ehuneko handienaren jabe denean, saihestezina gertatzen da noren ekonomiaz ari diren galdetzea. Izan ere, bakan batzuen ekonomia indartsua gehienen ekonomia ahularekin baino ez da bateragarria. Zenbakiak potoloak dira, eta iraingarriak. Burtsako enpresek 23.000tik gora euroko etekina lortu dute aurtengo lehen seihilekoan, hau da, joan den urtean baino %8 gehiago eta azken urteotako handiena. Bestetik, eta datu iraingarrien ildo beretik, enpresen goi zuzendaritzako kideek batez beste langile batek urte osoan irabazten duena halako hamar irabazi dute, halaber, urteko lehen seihilekoan. Horra, beraz, ekonomia eta enpresa-elitearen eta langileen arteko alde iraingarria. Eta, hala ere, langileentzat soldata txikiagoak eskatzen dituzte.
Munduan barrena zabaldu den azken krisi ekonomikoaren existentzia ondo kostata onartu zutenean, munduko lider politiko eta ekonomikoek kapitalismoaren birfundazioa eta beste zenbait promes arranditsu egin zituzten. Beren lehenengo zeregina espekulazioan oinarritutako sistema ustela salbatzea izan zen, baina, behin eta berriz esaten zutenez, ez zuten zalantzarik egiten sistema horrek ez zuela bideragarritasunik, horregatik, ikusi omen zuten hura «birfundatu» beharra. Hartara, krisia eragin zutenen kontuak onbideratu zituzten eta horiek lehengora itzuli ziren gobernuen laguntzarekin, are zenbait herrialde porrot ekonomikoaren ertzeraino eramanda ere. Horixe baita eurentzat ekonomia bide onera itzultzea.
Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Gobernuek herritarren kontura, langileak eta behartsuenak egoera latzean utzita, salbatu duten sistema bidegabe eta arduragabe horrek lehengo lepo beretik du burua. Horregatik iruditzen bide zaizkie arduradun politikoei datu iraingarri horiek «balorazio positiboa» egiteko modukoak.