GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Kontuz «averchaleekin»

Gehienoi grazia egin zigun Espainiako Hizkuntza Akademiak «zulo» euskal hitza gazteleraren hiztegi nagusian barneratzeko erabakia hartu zuenean. Hizkuntzalarientzat ez zen sorpresa handia izan, erabat ohikoa baita hizkuntza batek beste baten hitzak mailegutzat hartu eta beretzeko jokaera. Kasu honetan, hiztun kopuru txikia duen hizkerak zabalkunde nabarmen handiagoa duen ondokoari eskaini zion hitza, besteak beste, hitz hau halako funtzioa betetzeko gizarte espainiarrean zabaldua zegoelako. Horraino, normala, bitxikeria besterik ez.

Askori, ordea, ez zaigu oharkabean pasa hitz hartzaileek «zulo»ri eman dioten adiera murritza. Alde batera utzi dute «zulo» hitzak euskaraz duen aberastasun lexikala eta hamaika esanahitarako makulu funtzioa: ume asko amazuloak dira, sorgin zulo deitzen zaio lamien kobazulo askori, untxiek habia zuloak egiten dituzte, gurpilak zulatu egiten dira, hildako txakurrak zuloan sartzen dira eta gure gorputzak zulo-hutsune anitz ditu: sudurzulo, ahoko zulo, belarritarako zulo eta uzkia izendatzeko ere «ipurdiko zulo»k balio du. Espainolentzat, ordea, «zulo» soilik honakoa da: «Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas». Honela saihesten dute, besteak beste, ziegari zulo deitzea.

Arazoa, ordea, ez dago hizkuntza batek maileguan hartzen duen hitzari emandako adiera berrian; arazoa sortzen da bi hizkuntza horien artean elkarri eragiteko gaitasuna guztiz desorekatua dagoenean. Arazoa dago gaztelaniak euskaratik hitz solte gutxi batzuk hartzen dituen bitartean, hegoaldeko euskarak mailegu zaparrada hartu behar duela gaztelaniatik, eta iparraldeko euskarak, berriz, frantsesetik. Demagun denboraren poderioz eta erdaren gehiegizko eraginagatik bai «zulo», bai eta «abertzale» hitza ere, etorkizuneko euskaldunek gaztelaniazko adiera bakarrean ulertzen dutela. Horrela, «zulo» hitza zera litzateke: gauzak edota bahitutako pertsonak legez kanpo ezkutatzeko abertzaleek dauzkaten leku itxi eta ezkutukoak. Atera kontuak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo