GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA eguraldian aditua

Giro gorrintsua

Udako solas askotarako ematen ari da aro berezi samarra dugun hau. «Gorrina», aspaldi erabilitako hitza, landareei erantsi eta lapatzen zaien lainoxka antzeko orbantxo gris ustelbideko hori adierazteko. Ederki bildu digu Juan Martin Elexpuruk Bergaraldeko lexikuan: «Gorriña harrapau ezteixen, sulfatua botatzen jakue, batez be tomatiai, mahatsai eta patatiai».

Lehenago, gureotan garia erein ohi zenean, gariari, garagarrari eta oloari berari ere itsasten zitzaion bai, uzta ederki mirrinduz. «Gorrin gaiztoak lastoak ere jan», esan zigun Caracas aldetik Andima Ibiñagabeitia Ogoñopekuak. Lastoari ere erasaten badio, pentsa zertan geldituko zen buru aleduna.

Mahastiak ere lanak. Eibartar prestu Toribio Etxebarriarena da hau: «Mastixak gorrindu ziran Rioja aldian».

Gure laborarien patua, urterokoa: gorrin punturik ba ote zekarten, herdoil orban batzuk ba ote zetozen... beti beldurrez, euriaren kopuru eta tamainari erreparatzen. «Aurten ez dakit ba, ea garia gorrinatik libratzen zaigun»... «Euri larregixak ekarten dau gorrinaatzea lurreko gauzia, ziotsaten Oñati partean. «Aurten be tomatia baietz ikusi gorrinaaketan...» Aro sikuan jaulkitako euria ongarri zen beti; ez hala aro berde umelekoa. Eskarmentua ongi markatua zizuten, bazekiten noiztxuko aroa zaindu behar zuten ere: «Doniane inguruko euriak izaten dira gorrinatsuenak».

Horrek sortzen du, bai, hain giro sargori eta ustela. Orain ez hainbeste, baina garai bateko lanak belarra ondu behar eta ezin ibili behar zenean: belarra usainduta, gorrin erdi ustelaren ezkotasun hura ezin kenduz... Hauxe ohi zen, baita, arbi ustel usain gaiztoko haien aro ustela. Patatak berak aise jotzen zuen usteltzera honelako urteetan; larrosak ere ez batere usain gozorik, ustelbera gertatzen zelarik... Ederki bildu digu Elexpuruk, Bergara aldeko hizkeran: «Zelako egualdi ustela eitten daben gaur. Egonian be izerdittu eitten jat galtzarpiak»...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo