GARA > Idatzia > Mundua

Kenyarrek Konstituzio berriaren alde egin dute erreferendumean

Kenyako presidente Mwai Kibakik eta lehen ministro Raila Odingak babestuta, Konstituzio berriak oniritzia lortu zuen asteazkenean egin zen erreferendumean. Egunean zehar ez zen istilurik izan eta, datu ofizialen arabera, hautesleriaren %67 aldeko botoa eman zuen.
p023_f01_148x108.jpg

GARA |

Kenyako biztanleriaren gehiengoak Konstituzio berriaren alde bozkatu zuen asteazkenean egin zen erreferendumean.

Baietzak hautesleriaren %67aren babesa bildu zuen, behin boto guztiak zenbatuta Hauteskunde Batzorde Independienteak ezagutzera eman zuen informazioaren arabera. Guztira, zortzi milioi lagun gerturatu ziren herrialde osoan zehar sakabanatutako hauteslekuetara.

Hauteslekuak goizeko seietan ireki eta arratsaldeko bostetan itxi zituzten, eta egun osoan ez zen istilurik izan. Botoen zenbaketa modu elektronikoan egin zen lehen aldiz; mahaietako presidenteek eskuko telefonoen bidez bidaltzen zituzten datuak Nairobira.

Erreferendumaren aurretiko kanpainan Konstituzioaren aurkako jarraitzaileen aurka izan zen atentatua kontuan hartuta eta 2008ko hauteskundeen ondoren errepikatu ziren istiluak eta indarkeria oldeak errepika ez zitezen -1.300 hildako izan ziren haietan-, segurtasun neurri handiak jarri zituen Gobernuak; ia 73.000 segurtasun agentek parte hartu zuten zainketa lanetan.

Onartutako Konstituzio berriak gaur egun Kenyan indarrean dena ordezkatuko du. Azken honek, nazioarteko adituek salatzen dutenez, berebiziko berrikuntzak behar zituen, presidenteari gehiegizko eskumena ematen baitzion eta alderdi politiko bakar bat baino ez zegoenean idatzia izan baitzen.

Ezetzaren aldeko kanpaina egin duen taldeko liderrak, Goi Hezkuntzako ministro Willian Rutok, bere taldeak porrot egin duela onartu du. «Kenyarrek hitz egin dute eta euren erabakia errespetatuko dugu», adierazi zuen emaitzak jakin bezain laster.

Europatik zorionak

Europar Batasunak, emaitzen berri izan zuenean, Kenya zoriondu zuen erreferendumaren garaipenagatik, «momentu historikoa» dela adieraziz.

Besteak beste, Europar Batasunak Konstituzio berri honek Kenyak behar dituen beharrezko erreformak, bai hauteskunde sistemaren esparruan, bai Polizia arloan, bai eta epaileei dagokienez ere, bideratzen lagunduko duela uste du.

Europar Parlamentuko presidente Jerzy Buzek-ek bozkatu berri den Konstituzio berriak «Kenya demokratikoago eta justuago» bat egiten lagunduko duela espero duela adierazi zuen.

indarkeria

Nahiz eta asteazkenean istilurik ez izan, ekainaren 13an Nairobin Konstituzioaren erreformaren aurka manifestatzen ari zirenen aurkako atentatua izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo