GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

erremontea Nafarroako Foru Erkidegoko V. Torneoa

Zortzi bikote, Nafarroan erremontea zabaltzeko prest

Txapelketa astelehenean hasi eta datorren irailaren 25ean amaituko da. Hamasei kirolarik parte hartuko dute eta partida guztiak pilotaleku motzean jokatuko dira.

Imanol CARRILLO

Nafarroako Foru Erkidegoko Erremonte Torneoaren bosgarren edizioa aurkeztu zuen atzo goizean Euskal Jai Berri fundazioak. Aurtengo txapelketan hamasei erremontista arituko dira. Beraz, zortzi bikote izango ditu torneoak, eta hamabost herritan jokatuko da, bertako jarraitzaileek erremontearekin goza dezaten.

Hala, datorren astelehenean Aoizen hasi eta datorren irailaren 25ean Iruñean amaituko den lehiaketan Nafarroako zenbait herritako pilotaleku motzetan jokatu beharko dituzte partidak honako bikoteek: A taldeko Ezkurra-Olazar, Zeberio II.a-Gaztelu, Matxin IV.a-Urrutia, Matxin III.a-Lizaso bikoak, batetik, eta B taldeko Urtasun-Etxeberria, Etxeberria IV.a-San Miguel, Uterga-Badiola eta Urriza-Baleztena bikoak, bestetik.

Aurtengo edizioak, beste hainbat enpresaren eta erakunderen laguntzaz gain, Nafarroako Gobernuaren eta Magna enpresaren laguntza izango du berriro ere, baina Euskal Jai Berri fundazioko gerente Jaime Agirrek azaldu zuenez, «Nafarroako Gobernuak ekarpen ekonomiko txikiagoa eskaini du aurten, krisia dela medio eta Gobernuaren aurrekontu orokorren berregituratzeagatik».

Horren aurrean, Magnarekin luze negoziatzen aritu eta gero, enpresak Euskal Jai Berrin diru kopuru handiagoa jar zezan adostu zuten. Hala, fundazioaren %62,5 bereganatuko du Magnak.

Aurkezpenean aipatutako beste gai bati eutsiz, Euskal Jai Berrik akordio bat sinatu du Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioarekin eta datorren urrian frantziar Estatuan ospatuko den Munduko Pilota Txapelketetako antolatzaileekin.

Hitzarmen horri esker, bi erremonte partida jokatu ahal izango dira Munduko Txapelketen hasierako jardunaldian, aurkezpenaren ondoren, Pauko pilota instalazioetan. Neurketa horietako bat erreminta-pilotaleku luzean (54 metro) jokatuko litzateke, eta bestea, motzean (36 metro).

Helburu nagusia, munduko txapelketetan parte hartuko duten ordezkaritza guztiei pilotaleku motzean ere erremonte partidak arazorik gabe joka daitezkeela erakustea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo