GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Jon Jimenez eta Andoni Olariaga Filosofian lizentziadunak

Bukatugabeko Ilustrazioaz eta kondenaz

Autoreek, «Kondena politiko-moralaz» artikuluari jarraipena ematen (GARA 2010-7-13), Ilustrazioaren proiektua bukatu gabe dagoela aipatzen duten pentsalariei erreferentzia egiten diete hemen, batez ere Jürgen Habermas filosofo ezagunari. Olariagak eta Jimenezek hipotesi honekin bat egiten baldin badute ere, pentsalari alemaniarraren baieztapen horren eta bere zenbait jokabideen artean dauden kontraesanak azaltzen dituzte.

Gaur egun, Jürgen Habermas filosofo germaniarra dugu Ilustrazioaren proiektua bukatugabea dela esaten dutenetako bat. Gurean ez zaio jarraitzailerik falta; are gutxiago Espainian. Kasu honetan, baita bere ikuspuntuak ezagutzen ez dituztenen artean ere. Estatu espainiarrak «Premio Príncipe de Asturias de las Ciencas Sociales» saria eman zion 2003 urtean. Berak, ordainetan, honakoak esan zituen: «Por lo que sé, Euskadi tiene un grado de autonomía cultural bastante amplio. Y según la ONU y las últimas teorías de la filosofía política, si las minorías pueden ejercer sus derechos culturales fundamentales, no está justificada la secesión. Y no quiero ni puedo decir más porque no tengo los detalles». Motiborik ez zitzaion falta Jose Maria Aznarri, beraz, Espainiako filosofo ofizial izendatu zezaten proposatzeko.

Dena den, axola zaigunera zuzenean joanda: Habermasen ustez, proiektu ilustratuaren xedeak bere ondorio guztietara eramatea eskatu behar zaio filosofia garaikideari. Proiektu ilustratua bukatugabea da. Ez zaio Habermasi arrazoirik falta. Baina gogoraraziko diogu, proiektu ilustratuak ahazten duen aurpegi garrantzitsu bat zekarrela, hain zuzen ere oraindik gauzatu gabea dena: edozein tutoretzaren kontra altxatzen zen mugimendua izaki, adierazpen eta kontzientzia askatasunaren aldarrian zetorren mugimendua zela gogoratu behar dugu.

Eztaida hauen jatorrietara bidean, lau mende atzera egingo dugu orain Baruch Spinoza kokatzeko. Holandarra jaiotzez, jatorriz judutarra. Spinozak badu kontuan hartu beharreko liburu bat, hain zuzen, «Tractatus logicus-philosophicus» deritzona. Azkeneko kapituluaren sarreran zera dio Estatuari buruz: «se hace ver que en un Estado libre es lícito a cada uno, no sólo pensar lo que quiera, sino decir aquello que piensa». Pertsona baten gogoa beste guztientzat zilegizko bakarra kontsideratzea ez da posible, beraz, «porque nadie puede transferir a otro su facultad de raciocinar libremente y de juzgar de todas las cosas, y mucho menos ser obligado a ello». Horregatik, «nace de esto que se considere violento aquel imperio que se extiende a los espíritus (`kontzientziara' esan nahi da hemen) y que se entienda que la majestad suprema hace una injuria a los súbditos, y parece usurparles su derecho, cuando quiere prescribir a cada uno lo que dece aceptar como verdadero y rechazar como falso». Ez gara oraindik Ilustrazio garaira heldu.

XVIII. mendean, eta orain bai, Ilustrazio garaian bete-betean, orduko pentsalari handiena den Inmanuel Kant Könisberg-eko filosofoak (garai hartan Inperio austriarraren parte zen eta gaur egun Kaliningrado gisa ezagutzen dena), 1784an «Zer da ilustrazioa? galderari erantzuna» argitaratu zuen. Bertan arrazoimenaren erabilpen publikoak gizakiaren autonomia bultzatzen duela azpimarratzen du Kantek. Gizakiaren gaineko tutoretzak, ordea, dela Elizarena dela Estatuarena, gizakia lege heteronomoen (kanpotik ezarrien) menpe jartzen du. Beraz, askea izateko (adingabetasunetik ateratzeko), gizakiak arrazoimen publikoaren erabilpena egin behar du. Kantek dionez, «hain erraza baita adingabe izatea. Neure ordez adimena daukan liburua baldin badut, neure ordez kontzientzia daukan arima-zuzendaria baldin badut, eta abar, ez dut nik, hortaz, neure buruz jardun beharrik». Horregatik, Kantek dio, Ilustrazioa erdiesteko «'askatasuna' besterik ez da behar; gainera, askatasuna leritzokeen guztiaren artean kaltegabeena: hots, nork bere adimenaz oso osorik `erabilera publikoa' egitekoa. Aitzitik, nik beste oihu hau entzuten dut alde guztietan: ez ezazue `arrazoitu!'. Ofizialak dio: ez arrazoitu, baizik eta martxatu! Finantza kontseilariak dio: ez arrazoitu, baizik eta ordaindu! Apaizak dio: ez arrazoitu, baizik eta sinetsi! (...) Askatasunaren murriztapena dugu nonahi». Gaurkotasun handikoa dugu Kanten hitzaldia. Izan ere, gaur egun zera esaten da: «ez arrazoitu, baizik eta kondenatu!».

Azken bi autore horietatik ondorio hau atera daiteke: estatuak bizitza soziala arautzen du, baina ezin du kontzientzia arautu. Zerbait esatera behartzea inmorala eta biolentoa da, adierazpen askatasuna ukatzeaz gain, hura preskribitzen baitu (arautu eta behartu). Beraz, herritarrak estatuari delegatu ahal diona ordena sozialaren ardura da, harreman eta jarduera publikoen arauketa, bizitzaren eta askatasunaren babesa: baina ez kontzientzia. XVIII. mendeko beste filosofo handi batek, Voltairek, horrela defendatzen zuen ere iritzi askatasuna, geroztik famatua izan den sententzia hau bota zuenean: «zure ideiak higuingarriak zaizkit, baina gustura emango nuke nire bizitza ideia horiek adierazteko duzun eskubidea defendatzearen alde».

Nor dugu gaur egun askatasun horren defendatzaile? 1979an, Frantziar estatuan, Noam Chomsky protagonistatzat zuen polemika handi bat piztu zen. Laburtuz: Lyongo Unibertsitateko Literatura irakasle zen Robert Faurisson mehatxatua eta talde antifaxistek erasotua izan zen, eta azkenik, Unibertsitatean klase ez ematera zigortua ere izan zen. Arrazoiak: bere idatzietan Bigarren Mundu Gerran gas-ganberak izan zirenik ukatzen omen zuen. 1979an Serge Thin unibertsitateko ikasle sozialista libertario batek (totalitarismo ororen kontra egoteagatik ezaguna, Chomskyren hitzetan) amerikar intelektualari eskaera bat sinatzea eskatu zion, Robert Faurissonen segurtasunaren eta bere eskubide legalen erabilera askea bermatzeko. Chomskyk sinatu eta orduan hasi zen polemika. Eskuinak zein ezkerrak Faurissonen posizioa defendatzea egotzi zioten. Kondenatzea eskatu zioten. Kritika horiek bere burua defendatzera behartu zuten, eta testu eta hitzaldi pare bat egin zituen. Haietan esandakoa laburtuz: Chomskyren ustez, adierazpen askatasuna gaizki ulertzen da. Bere ustez, adierazpen askatasunak ez du interesik norberaren iritziak edo gertukoak defendatzea datzanean; aldiz, «es en el caso de aquellas opiniones que son casi universalmente despreciadas y condenadas que este derecho debe ser defendido más vigorosamente». Zuzenbidea eta morala ez dira nahastu behar, beraz.

Eta ondorioz, zergatik ez dute Habermas bezalako Ilustratuzale intelektualek ahotsa altxatzen Ilustrazioaren zutabe den adierazpen askatasunaren aurkako aberrazio honen (kondena politikoa) aurrean? Proiektu ilustratua egiazki gauzatu nahiko balute, Espainiatik hastea gomendatuko genieke: askatasunaren inguruan gogoeta handiak egin ordez, ukatutako askatasun funtsezkoenak behingoagatik salatuz! Ez dute lan makala izanen, ez, espainiar kultura antidemokratikoa ilunpetik ateratzen eta ilustratzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo