GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Abuztuan Indonesiara?

Surflari ernegatua

Asia hego-ekialdeko lurretan gerran zebiltzan iparramerikarrak, Vietnamen. Handik ez oso urrun izan zen, 1972. urtean. Jakarta hiriburutik Balirantz hegazkinean zihoan Bob Laverty surflaria, 9.000 metroko altueran, eta uharri zoragarri bat begiztatu ahal izan zuen irlaren mutur batean. Leku hark olatu ikaragarriak izateko beharrezko baldintza guztiak betetzen zituen. Plengkunk erreserba naturala zen.

Lur hartu orduko, bere lagun Bill Boyum-i dei egin, eta bidaia prestatu zuten. Zilindrada txikiko moto bana hartu eta harantz abiatu ziren. Lehenik Java irlarako ferrya hartu zuten eta ondoren motoz egin zuten Grajagan herrirainoko ibilbidea. Erreserba gurutzatzen zuen zingira arrantzale baten txalupa zaharkituan zeharkatu zuten. Moldatu ziren nola edo hala, motoak uretara ez erortzeko. Hondartza zeharkatzeari ekin zioten ondoren, baina momentu batean ez atzera, ez aurrera geratu ziren koral eta hondarretan harrapatuak. Oinez jarraitu zuten tigreak eta tximinoak nonahi ziren oihanean barrena, gauak leher eginda atzeman zituen arte.

Esnatu zirenean ordea, oraindik ametsetan ari zirelakoan zeuden. Ehunka metrotan zehar luzatzen ziren ezker olatu perfektuak zituzten begi aurrean. Leku hura G-land izenaz bataiatu zuten eta horrela izan da ezaguna gaur arte.

Indonesiako lehen surf trip hauetatik urte asko igaro da. Olatuek bikainak izaten jarraitzen dute, nahiz eta leku batzuk, 2004ko tsunamiaren ostean, kaltetuak izan, esaterako G-land bera.

Herrialde behartsua da Indonesia. Australiatik gertu egoteak irla horietarako turismo masiboa ahalbideratzen du. Irlarik famatuena, erosotasun guztiak nahi dituen turistarentzako azpiegitura guztiak dituen irla, Bali da. Asko dira abuztuan inguru haietara joan ohi diren surflariak, urteko hilabete onena baita haize egokiak izateko. Zutabe honetan bertan aipatu izan dugun Kepa Acero esate baterako, hango irla galdu batean da egun, Panaitan irlan, Java eta Sumatra irlen artean kokaturiko erreserba natural batean.

Ehunka irla eta surf egiteko leku bikain daude inguru haietan, baina Bali irla da benetan han zer gertatu den ohartzeko adierazle garbiena. Bertakoei turismoa komeni zaie, diru sarrera indartsu bat baita, baina nortzuk dira egiaz aberasten direnak? Hotelak eraikitzen dituztenak ez dira bertakoak.

Hil osoan zehar luzatu daitekeen surf txapelketa bat antolatu berri dute Balin, 2010 Rip Curl Cup Padang Invitational delakoa. Izenburuak berak dioen moduan, Padang-en egingo da, antolatzailea marka estatubatuar bat da eta gonbidapenezkoa da. Alegia, itsaski egokiaren zain hil osoan zehar egon daitezke eta gutxi batzuentzako olatua izango da Padang, olatua bera alokatu balute bezala. Gonbidatuen artean noski, bada bertakorik.

Orain bi urte WCT zirkuituko probetako bat ere bertan izan zen. Txapelketa anitz egin dute bertan. Filmetan ere agertu izan da parean duen hondartzatxoak eta harkaitzezko horma altuak liluragarri egiten baitu ingurua. Lekua ezin hobea da, kilometro gutxitan olatu ikaragarriak aurki baititzakegu (Uluwatu, Imposible, Bingin, ...). Behar dugun guztia eskura izango dugu. Urte gutxitan ikaragarrizko aldaketa izan duen lekua da. Ezer ere ez izatetik luxuzko azpiegiturak izatera igaro da.

Indonesia oporretarako leku zoragarria da beraz. Baina, nahiz eta surflari batek behar duen guztia bertan izan... lekuko esplotazioa, turistifikazio masiboa, bertakoen miseria, australiarren eta batez ere, estatubatuarren jarrera harroputza bertakoenganako begirunerik ez duena, eta bertakoek turistak behar bai, baina `jasan' egiten gaituzten irudia... eta gu ere argazki horretan parte izatearen sentsazioa. Olatu onak bai, baina gainerakoan... ez al du galdu bere xarma?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo