GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Iguarrako txoria festazaleen atzetik ibiliko da Amurrion

Mariaka eta Marigabon erraldoi bikotea dantzan biraka ibiliko da bihar arratsaldean bertan, Amurrioko jai nagusiak hastear dira eta. Horrez gain, herriko koadrilek Iguarrako txori erraldoia uxatuko dute, edo agian berari gerturatuko zaizkio, mokoarekin jotzen duen edonor segituan mozkortu egiten baita! Hortik aurrera, aspertzeko astirik ez da izango.

p019_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Amurrion ate joka dituzte jaiak. Eta aurten ere, Udalak proposaturiko ehun ekitaldi baino gehiagoz osaturiko egitarauaz aparte, jai herrikoiak ospatuko dituzte herriko giroa indarberritzeko asmoz. Jai Herrikoien Aldeko Egitaraua Korroskada txosna batzordeak, Amurrioko koadrilak, Indar Torreta «hintxa» taldeak, Sasien Sehaskak, Amurrioko Gazte Asanbladak eta Aiebek osatu dute eta batez ere gazteei begirako ekitaldiak antolatu dituzte. Izan ere, programa ofizialean iragarritako jarduerarik gehienak helduei eta haurrei daude zuzenduta.

Beraz, Udalak eta Jai Herrikoien Batzordeak prestatutako ekitaldien aniztasuna ikusita, ezinezkoa izango da aste honetan aspertzea, bien arteko oreka bat lortzen saiatu baitira.

Txupinazoa bota aurretik zer egin faltako ez bada ere, jai giroa 19.00etatik aurrera nabarituko da bereziki. Orduan botako dute lehenengo suziria herriko festen hasiera iragartzeko.

Ondoren Iguarrako txoria, urte osoan zehar lo egon ondoren, habitik aterako da amurrioarren gainetik hegaka. Eta jarraian Euskotarrak, Dantza Lagunak, Trotart, El Boli eta Herriarenak koadrilek beren lokal edo txamizoak irekiko dituzte Kessengue perkusio taldearen eta Mariaka eta Marigabon erraldoien laguntzarekin.

Euskal Herriko jaietan ezinbestekoa bilakatzen ari den apar festa izango da Juan de Urrutia plazan 20.30ean, baita dantzaldia ere txosnetan. 22.00etan Larrinagan Jamaica orkestak emanaldia eskainiko du txosnetatik «Gazteok gure lokala» kalejira ateratzen den bitartean.

Gaueko ekitaldiak gazteen ekimenez antolatutakoak izango dira. 22.30ean Amets Gaizto, Apurtu Arte eta Itxaropen Zikina taldeek kontzertua eskainiko dute. 01.30ean III. porroi txapelketa egingo dute eta 02.30erako gazte txirrista antolatu dute, hau da, herriko kale aldapatsu batean plastiko handi bat zabaldu, xaboiz busti, eta jendea bertatik botatzen da txirrist egiteko, txirrista bat balitz bezala.

Jai herrikoiak nonahi

Hurrengo egunetarako ere ekitaldi asko daude iragarrita. Deigarrienak agian Jai Herrikoien Batzordeak prestatutakoak dira, besteak beste, Babiora mendi martxa, 3x3 futbito txapelketa, zurito-minuto txapelketa, bertso-kupela, boulder txapelketa, txalaparta ikastaroa, kontzertu akustikoak eta mozorro festa. Orijinalitate faltarik behintzat ez da sumatzen Amurrioko jai herrikoetan.

Basati Kirolak ere antolatuko dituzte igandean. Herriarenak koadrila hasi zen ekintza hau antolatzen, baina urteen poderioz oso arrakastatsua bilakatu da, eta jaietako ekintza nagusietariko bat da egun.

Bertan, kirol proba bereziak egin behar izaten dituzte herritarrek, baina ez dituzte serioegi hartzen, ondo pasatzeko aitzakia besterik ez da-eta izaten. Lehiakortasunak, beraz, umoreari ematen dio txanda oraingo honetan, eta jende ugari bertaratzen da proba horietara, bai parte-hartzera, bai ikustera, dibertsioa behintzat bermatuta dago eta.

Arrakasta handia izaten duen beste jardueretako bat Babioren Iparra O2 barik da. Mendiko Lagunak elkarteak antolatzen du hau, besteak bezala Amurrioko jaietarako espresuki asmatua eta arrakasta handia hartuz joan dena. Edarietako kutxekin dorrerik altuena eraikitzea du helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo