GARA > Idatzia > Mundua

Suspenserik gabeko hauteskundeak Ruandan, Kagame faborito argia dela

Emaitzak zein diren jakin baino lehen -baita hauteskundeak izan baino lehenago ere- Paul Kagamek bazekien beste agintaldi bati ekingo diola, 1994an hutuen eta tutsien arteko genozidioa amaitu zenetik hirugarrenez. Iruzurraren arriskuaz ohartarazi zuten alderdi txikiek.

p023_f01_148x108.jpg

GARA |

Bost milioi ruandar baino gehiago bozkatzera deituta zeuden atzo, hurrengo zazpi urteetarako presidentea hautatzeko. Bertako presidente eta hautagai Paul Kagamerentzat tramite hutsa besterik ez zen izan atzokoa, 1994an tutsien eta hutuen arteko gerra zibil ankerra amaitu zenetik oposizio garrantzitsurik gabe zuzendu duen herrialdea beste zazpi urtez gidatuko duen ziurtasunarekin eman baitzuen botoa.

«Ematen du dena garaiz hasi eta egoki garatzen ari dela», baieztatu zuen Hauteskunde Batzorde Nazionaleko (NEC) idazkari nagusi Charles Muyanezak.

AFP berri agentziaren arabera, ez zen istilurik izan, eta jendetza inguratu zen propio jarritako 15.507 hauteslekuetara.

Kagamek eguerdian eman zuen boza, Kigali hiriburutik gertu zegoen hautesleku batean.

«Honakoa oso une garrantzitsua da Rwanda eta herritarrentzako (...) Hauteskundeak oso modu demokratikoan egin dira», adierazi zuen estatuburuak, bide batez nazioarteak egin dizkion kritikak arbuiatuz: «Emaitzek -gaur goizaldean ezagutaraziko dituzte- esango dute esan beharrekoa».

Hala ere, Kagamerentzat oposizio ere ez diren -2003an bozen %95 bildu zuen- alderdi txikiek kritika ugari egin dizkiote presidenteari eta «hauteskunde iruzurra» salatu dute.

Izan ere, berriki sortu diren hiru alderdietatik, bi ez ditu legezkotzat jotzen Ruandako aginteak, eta ondorioz, hauteskundeetatik kanpo gelditu dira. Era berean, alderdiotako hiru hautagaiei Kagameren txotxongilo izatea leporatu diete.

Hauteskunde kanpaina

Uztailaren 20tik hilaren 7ra arteko hauteskunde kanpaina «istilurik gabekoa» izan zela nabarmendu dute NECeko iturriek.

Probintzia guztietan antolatutako ekitaldietan, Kagamek ehunka mila lagun bildu ditu eta herrialdearen «garapena, bakea eta batasuna» defendatzeko konpromisoa berretsi zien.

Adierazpen askatasunaren egoera dela-eta jasotako kritika «arrotzak» gogor errefusatu ditu Ruandako Fronte Abertzaleko buru eta hautagaiak.

IKUSKATZAILEAK

1.400 lagun aritu ziren hauteskunde prozesuan ikuskatzaile lanak egiten, horietatik 214 nazioartetik joandakoak ziren, Afrikako Batasuneko eta Commonwealtheko ordezkariak, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo