GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Leitzako jaiak hastera doaz, eta berrikuntzak izanda ere, parranda betikoa izango da

Gaur arratsaldeko seietan Okile lantegiko kideek emango diete hasiera Leitzako San Tiburtzio jaiei. Larunbatean hasi ziren giroa berotzen, eta gaurtik aurrera bost egunez jaiek ez diote herriari atsedenik emango.

p018_f02.jpg

Izaro ARBILLA | LEITZA

Txupinazo egunaren zain geldirik egon ezin, eta larunbatean hasi ziren Leitzan festarako giroa prestatzen. Reparto Eguna ospatu zuten larunbatean eta igandean Umeen Eguna izan zen. «Plazaola» aldizkariaren banaketa egin ohi dute herrian, festen aurreko asteburuan. Bapo bazkaldu lehenbizi, eta gero, auzoz auzo aritu ziren aldizkaria banatzen, trikitilari, txistulari, gaitari eta akordeoilariz lagunduta.

Berez gaur arratsaldean hasiko dira jaiak, eta horretarako suziria pizteaz arduratuko dira Okile lantegiko kideak, ahalmen urritasunen bat duten pertsonak lan-munduan txertatzen dituen lantegikoak.

Aurtengo jaiek badakarte berrikuntzarik, baina ez dituzte hargatik alboratu betiko jarduerak: Inkansables txaranga, goizeko dianak, ezpata-dantza, entzierroak, herri kirolak, gaueko ingurutxoa...

Aipatzekoa da zezenak, normalean arratsaldean izaten badira ere, aurten gauean irtengo direla plazara, San Tiburtzio egunean, 02.00etan, txarangarekin batera. Txosnetan ere bada berrikuntzarik, karpa handia prestatu baitute eta bertan egingo dituzte kontzertuak: gaur gauerako, Esne Beltza eta DJ Patt. Garraxi dantza taldeak, bestalde, plazan joko du.

Ostiralean gazteen txanda izango da, Atekabeltzen bazkaria eginda, arratsaldean gazte jokoak, manifa eta kalejira errebindikatiboa egingo dute. Gauean, Itziarren Semeak edo Governors taldeek joko dute karpan.

Larunbatean berriz, Bartzelonatik etorritako Castelles-ek ikuskizuna eskainiko dute, arratsaldeko seietan.

 
iker urkiola ezkurdia
leitzako ezpata-dantzaria

19 urteko leitzar gazte honek argi dauka San Tiburtzio jaietako egun handian bere zeregina zein den: eguerdiko hamabiak puntu-puntuan plazara irten eta ezpata-dantza ahal duen hoberen dantzatuko du. Aurtengoa seigarren urtea du, eta beste urte askotarako izan dadila.

«Dantzari guztien ametsa, ezpata-dantza bestetako unerik politena da-eta»

Zer da ezpata-dantza leitzar batentzat?

Lehenengo eta behin dantza oso berezi bat. Dantzaria eta leitzarra naizen aldetik, urguilu bat da. Dantzari guztien ametsa, eta bestetako momenturik politena, bereziki agurrean, ikurrina airean astintzean, eta banakakoa dantzatzerakoan, denek zure izena oihukatzen dutenean.

Zer da Leitzako egun handiko protagonista izatearen alderik onena eta txarrena?

Hoberena, dantzatzera irten aurretik, plazara begiratu eta jende guztia txaloka, zure esperoan dagoenean. Txarrena, zalantzarik gabe, herri osoa besten hasiera ospatzen ari denean, egun handian fresko egoteko etxera joan behar izatea. Hala ere, ziurtatu dezaket galdutako parranda berreskuratzen dugula.

Superstiziorik ba al duzu, atera baino lehenago? Zein da bete beharreko protokoloa?

Nik bereziki ez, baina badaude goizean menditik buelta bat ematera joatean direnak. Plazara irteteko minutu batzuk geratzen direnean, hanka ahalik eta gehien altxatzeko trukuak erabiltzen ditugu; krema, luzapenak... 70 aldi inguru altxatzen dugu hanka dantzan zehar, asko da.

Dantza bukatuta, geroko plana zein da?

Lehendabizi, hankak luzatu minik ez gelditzeko, eta gero Udaletxe eta Etxe-Txuriko luntxean tripa bapo beteta, dutxara. Bazkari on bat egiten dugu dantzari guztiok eta hortik aurrerakoa ez da kontatzeko modukoa.

Noiztik daramazu dantzan? Sustorik izan al duzu urteren batean?

Aurtengoa dantzatzen dudan seigarren urtea da, 14 urterekin hasi nintzen-eta. Nire lehengusu bat taldean zegoen eta animatu egin nintzen. Sustoa, bai, lehenengo urtean nire bikotea makil dantzan okertu egin zen.

Izaro ARBILLA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo