GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoei muturreko neurriak ezartzen dizkietela aitortu du Ministeritzak

Juan Jose Rego Vidalen askatasuna behin baino gehiagotan ukatzea edo euskal presoek estatu espainoleko kartzeletan jasaten duten tratu itogarria plangintza baten parte dela aitortu du Gobernu espainoleko Barne Ministerioak, eta horrela jakinarazi du «El Mundo» egunkariak.
p011_f01.jpg

GARA |

Estatu espainoleko Barne Ministerioak aitortu egiten du Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen aurka indarrean duen espetxe politika muturrera eramaten duela.

Hori eman du aditzera ``El Mundo'' egunkariak, eta horren lekuko, Juan Jose Rego Vidal preso ohiarekin gertatutakoa azaltzen du. Preso donostiarra ia itsu gelditu eta presondegian bere kabuz aritzeko gaitasunik gabe izan arte espetxeratuta eduki zutela dio egunkariak.

Rego Vidalen senide eta abokatuek frankotan eskatu zuten espetxe arloko Arautegiko 100.2 artikulua betetzeko, eta horren arabera, hura askatzeko; baina ez zuten baiezkorik jaso, harik eta Rego Vidalek urtarrilean bularreko angina jasan zuen arte.

Auzi honetan Alfredo Perez Rubalcaba buru duen Ministerioak araudia azken muturreraino luzatu zuela dio ``El Mundo'' egunkariak: «Gehiago luzatzeko modurik ez zegoen unera arte luzatu zuten haren espetxealdia, haren osasun egoera penagarria izan arte».

Espetxealdi arinduari emandako ezezkoek gainera, Dueñaseko presondegiko arduradunen kezka ere eragin zutela eman du aditzera egunkari espainolak. Rego Vidal Palentziako kartzelan zuten preso azkenaldian, eta bertan bere kabuz aritzeko aukerarik ere ez zuela ohartarazten zuten bertako arduradunek.

Pasa den otsailean, espetxealdi arindua ezarri zion azkenean Estatuko Espetxeetako Zuzendaritzak, eta geroztik, baldintza zorrotzen pean bada ere, etxean dago Rego Vidal, betearazten dioten zigorra betetzeko.

Donostiarrak 70 urte ditu, eta osasun arazo ugari eta larriak, hala nola: gaitz zerebrobaskularra du, diabetesa, hipertentsioa, prostata arazoak, eta garuneko infartua ere izan du.

Borrokaldia itotzeko neurriak

Rego Vidali eragindakoa ez da izan Barne Ministerioak aurrera eraman duen presio bide bakarra. Urtarrilean Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten gizon-emakumeek abian jarritako borrokaldiaren aurrean ere hainbat neurri hartu zituen Rubalcabak, hala nola euskal presoek egindako itxialdien ostean, presoei euren ziegetatik irteteko aukera ukatzea.

``El Mundo'' egunkariak atzoko alean esandakoaren arabera, hainbat presondegitan, Barne Ministerioko irizpideei jarraituz, behin itxialdiaren ordutegia bukatuta euskal presoak afaltzera joatekotan zirenean, ziegatik irtetea eragozten zieten kartzelariek eta egun osoa ziegetan egotera derrigortu.

Era berean, orokorrean kartzelariek euskal presoenganako duten tratu eta harremana «berezia» dela aitortzen du.

Egunkariaren arabera, duela bi urte espetxe barruko zigorrak ezartzeko garaian, euskal presoak preso arruntak balira bezala tratatzen zituzten kartzelariek, eta zigor berdinak ezartzen zizkieten hutsegite berdinengatik; orain ordea, euskal herritarrei presondegietan ematen dieten tratua «itogarria» dela dio Madrileko egunkariak, eta azaltzen duenez, lehen hutsegite arintzat hartzen zutena egun larri edo oso larritzat jotzen dute, betiere zigorra euskal preso politiko bati ezartzekoa baldin bada, eta beraz, ahalik eta zorroztasun handienarekin zigortzen dituztela ondorioztatzen du.

Irizpideak ezartzeko taldea

Halakoetan, euskal presoek maiz jotzen dute Auzitegi Nazional espainoleko Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegira, zigor horien aurkako errekurtsoa jartzeko, baina gehienetan, ``El Mundo''-k nabarmentzen duenez, bertako epaileek zigorra berretsi besterik ez dute egiten.

Euskal presoei eman beharreko tratuak zer-nolakoa izan behar duen arautzen duen «aditu talde» bat dagoela argitaratzen du egunkariak. Rubalcabaren mende lan egiten duen taldea, guardia zibil, polizia espainol eta kartzelariz osatuta dagoela dio, eta euskal herritarrei eman beharreko tratuaren gaineko irizpideak zehazten dituzte, baita tratu horren jarraipena eta «eraginkortasuna» aztertu ere.

GERESTA ETA ABAUNZA

Moulinseko kartzelan gose eta egarri greban daude Ander Gerestari eta Jabi Abaunzari elkartasuna helarazteko elkarretaratzea egingo dute bihar, 11.00etan, Estatu frantsesak Bilbon duen kontsuletxearen aurrean.

oso ahul

Haren senideei jakinarazi dienez, Jabi Abaunza oso ahul dago bederatzi egun elikatu eta edan gabe eman ondoren. Atzo egin zioten lehen analitika eta gaur izango ditu emaitzak. Honen aurrean 80 lagun elkarretaratu ziren atzo Gernikan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo