Aitor Goikoetxea bateria jotzaileak Berri Txarrak hirukotearen danborrak astintzeari utzi dio
Herenegun gauean, Gasteizko jaietako egitarauaren barruan jo eta gero, Aitor Goikoetxeak agur esan dio Berri Txarrak taldeko bateria jotzeari, eta hemendik aitzina Galder Izagirrek ordezkatuko du.
A. BILBAO | BILBO
1994an Gorka Urbizu (gitarra eta ahotsa), Mikel Lopez Rubio (baxua) eta Aitor Oreja (gitarra) lagunekin batera Lekunberrin taldea sortu zuenetik, BTX-en bateria jotzaile izan da Aitor Goikoetxea. Laukotean lehenengo, eta hirukotean gero, Orejak 2004an taldea utzi geroztik. Eta hamasei urteko jardunaren ostean, taldea uzteko garaia dela deliberatu du orain. Modu horretan, Gorka Urbizu da sorreratik taldeak mantentzen duen muina, David Gonzalez bizkaitarrak Rubio ordezkatu baitzuen 2008aren hondarretan.
Herenegun, Gasteizko jaietan emandako zuzenekoa amaitzear zela, Urbizu berak argitu zien zaleei Goikoetxea une zailak bizitzen ari zela, azkenak zituelako.
Ordezko trebea
Goikoetxeak berak, taldearen web atarian, «hainbeste bizipen, ilusio eta kilometro elkarrekin bizitu ostean, erronka eta bide berriak jorratzeko momentua iritsi da» utzi du idatzita, eta «inoiz ez dut urte hauetan bizitakoa eta sentitutakoa ahaztuko, ezta 1994. urteko uda hartan guzti hau hasteko genituen arrazoiak ere» gogorarazita, zaleak agurtu ditu: «Urte hauetan, zuei esker Berri Txarrak-en bizi eta sentitu dudan guztiagatik...eskerrik asko. Zuei, hurbil zaudeten horiei bereziki eta urrun egonda ere etxean banengo bezala sentiarazten didazuen beste horiei ere, mila esker».
«Musika, bizitzan arnasa hartzeko behar dudan gauza da» Goikoetxearentzat, eta «hala izango da etorkizunean ere, eta horregatik, goiz edo berandu bidean topatuko gara».
Jakin ahal izan dugunaren arabera gainera, Galder Izagirrek ordezkatuko du Goikoetxea (urriaren 2an Getafeko En Vivo jaialdian joko du BTX-ek). Egun argazkilaritzara emana, eskarmentu handiko bateria jotzailea da hondarribiarra, Dut eta Kuraia taldeetako baketari izana baita.
Beste alde batetik, Gor zigilua talde nafarraren onena bilduma batean plazaratzekotan da.