Finantza lobby-ei aurre egiteko deia egin dute 70 europarlamentarik
Europako Parlamentuko 70 kargudun publikok adierazpen bateratua osatu dute, finantza merkatuen eta bankuen alde bakarreko botereak sortzen duen desoreka demokraziarentzat arriskutsua dela ohartarazteko. Legeak sortzeko orduan, finantza eta banku industriaren presioa egunero igartzen dutela diote. Norabide bakarreko argudioak saiheste aldera, finantza merkatuen jardueren berri ematean beste ikuspuntu bat erabiltzera deitu dute gizartea.
A.Z. |
Finantza merkatuen eta bankuen sektorea arautzen duten legeetan eragiteko presioa «egunero» igartzen dute Europako Parlamentuko 70 kidek. Horixe baieztatu dute herrialde eta ildo politiko ezberdinetako 70 parlamentarik plazaratu duten adierazpen bateratuan. Finantza eta banku industria arautzeko eginkizuna duten hautatutako kargudunok gainera, finantza merkatuen eta bankuen lobbying jarduera demokraziarentzat arriskutsua dela adierazi dute.
Izan ere, kargudunen hitzetan, gainerako sektoreetan ez da ikuspegi bakar bat izaten, ikuspegia bikoitza baizik. Esaterako, ingurumenaren nahiz osasun publikoaren alorrean, gobernuz kanpoko erakundeen (GKE) jarduerari esker, korporazioek eskaintzen duten ikuspegiaz gain, horri aurre egiten dion bestelako iritzi edo irakurketa bat badela nabarmendu dute. Hala, politika sozialei edo industria harremanei dagokienez, adibidez, europarlamentariek irizpide zabalago bat dutela diote, batetik, patronalaren ahotsa eta, bestetik, sindikatuena dutelako. Iritzi kontrajarri horiek, hortaz, kargudun publikoei ikuspegi ezberdinak eskaintzen dizkiete erabakiak hartzeko orduan. Kezkagarritzat jotzen dute, ordea, finantza jardueran horrelakorik ez gertatzea. «Ez sindikatuek ez GKEek ez dute bankuen esperientziari aurka egiteko gai den ezer garatu. Hutsune honek ez du eragozten guk gure esperientzia propioa gara dezagun, ez eta gure lana egin dezagun, baina desoreka hori, gure ustez, arriskutsua da demokraziarentzat», aitortu dute.
Desoreka edo irizpide bakar hori zerk sortzen duen edo zergatik sortzen den azaltzeko orduan parlamentariek uste argia dute: «Desoreka horren zergatia elite politikoen eta finantzarioen artean dagoen lotura eta hurbiltasun handia da».
Zentzu horretan, esaterako, Ameriketako Estatu Batuetan Goldman Sachs-en eta administrazio publikoaren arteko lotura eta harremanak aski ezagunak direla aipatu ostean, Europan hurbiltasun hori ez dela txikiagoa aitortu dute. Hurbiltasun horren ondorioz, finantza sektorearen argudioak norabide bakarreko arreta sor dezaketela kritikatu dute eta horrek politikariek erabakiak era askean eta inoren eraginik gabe har ditzaten nabarmen oztopatzen duela.
Gizarte zibilari deia
Egoera horren aurrean eta finantzen eta bankuen jarduera arautzeaz arduratzen diren Europako kargudun gisa, gobernuz kanpoko erakundeak sortzeko antolatzera dei egin diote gizarte zibilari, hala, finantza merkatuen ekimenaren pareko jarduera osatu eta sektoreko eragile nagusienen jardueren berri emateko. Era berean, industria horren inguruko azterketa komunikabideei modu egokian jakinaraztera ere dei egin dute.
Ildo politiko ezberdinetako ordezkariak diren arren, finantza merkatuen eta bankuen «monopolio» horri kontra egingo dionik ez izate horren inguruan gizartea ohartarazteko batu direla azaldu dute. Zentzu horretan, Europako Parlamentuko nahiz herrialdeetako parlamentuko kideei ekimen honekin bat egitera dei egin diete.
Parlamentarien iritziz, kezkagarria da gobernuz kanpoko erakundeek edota sindikatuek bankuen jarduerari aurre egiteko gai den ezer garatu ez izana, hala, finantza sektorearen argudioek norabide bakarreko arreta sor baitezakete.
«Beste sektore batzuetan ikuspegia bikoitza izan ohi da, finantza jardueran, berriz, ez da horrelakorik gertatzen», eta desoreka horren zergatia «elite politikoen eta finantzarioen artean dagoen lotura eta hurbiltasun handia da»