Euskal artistak nagusi, Lekeitioko Musikaldiaren 32. edizioan
GARA | LEKEITIO
Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa, Iruñeko Orfeoia, Marife Nogales andoaindarra eta Itziar Barredo bilbotarra izango dira aurtengo Itxas Soinua Jaialdian Lekeition, herrialdeko musika klasikoko jaialdi zaharrenetarikoan.
Jaialdia gaur abiatuko da. Hasierako gala lirikoak Mozarten, Rossiniren eta Bizeten piezez gozatzeko aukera eskainiko du, Marc Canturri baritonoa eta Mariafe Nogales mezzoak osaturiko kantari bikoteak, Itziar Barredo piano-jotzaileak lagunduta.
Iruñeko Orfeoia
Bihar, Iruñeko Orfeoiaren txanda izango da. Josep Cabreren zuzendaritzapean, Europako XVI. mendeko obra polifonikoen bilduma zabala eskainiko du Lekeitioko emanaldian.
Larunbateko protagonista Pergolesiren musika izango da. Bilboko Orkestra Sinfonikoa kontzertuaren alde sinfonikoaz arduratuko da, Ana Uriartek zuzenduta. Basilio Astulezek, berriz, Nuria Orbea bilbotarraren eta Ainhoa Zubillaga donostiarraren ahotsak zuzenduko ditu.
Bukatzeko, Amadeus Camerata ganbera-orkestrak emango dio amaiera Lekeitioko Musikaldiaren 32. edizioari. Orkestra horrek euskal koruekin jo ohi du, eta oso gaztea bada ere (2003an sortu zen), nazioarteko ospetsuenetarikoa izatera heldu da. Igandeko emanaldian, Bachen, Vivaldiren, Mozarten eta Bartoken sorkuntzak taularatuko ditu.
Kontzertu guztiak Lekeitioko Andra Mariaren Zeruratzea elizan izango dira, gaueko hamarretan, eta 6 euroko sarrera ordaindu beharko da.