GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Musika klasikoa hedatzeko esfortzu aipagarria

Musika klasikoaren ospea norabide bikoitzekoa da. Alde batetik, pertsona jantziek pertsona jantzientzako egiten duten goi mailako musika gisa da ezaguna, eliteentzako musika gisa, alegia. Beste alde batetik, aurrekoaren ondorioz hain zuzen ere, herritik erabat urrun geratzen den estilo gisa ulertzen da, hain elitista izateagatik gutxiengoei zuzendutako musika klase bat. Bi adiera horietan, positiboan zein negatiboan, gizartearen sektore txikiek produzitzen eta gozatzen duten musika izatearen ospea du. Nolanahi ere, topiko eta ospe kontuetan ohikoa denez, irudi hori okerra da. Hala adierazi nahi dute, behinik behin, Donostiako Musika Hamabostaldia antolatzen duten lagunek. Ez dagoela inolako mugarik musika estilo honetaz gozatzeko, publiko orokorrarentzat interesgarriak diren gauzak ere egiten dituztela eta merezi duela «esfortzua» egitea. Horixe erakutsi nahi dute, halaber, bertara gerturatzen diren musikariek ere, gizartera zabaltzeko beren esku dagoen guztia eginez. Horregatik da txalogarria Hamabostaldia Donostiatik eta bertako aretoetatik ateratzen egiten duten lana: ziklo desberdinak, agertoki desberdinak, haurrentzako eta gazteentzako programa doituak... baita Gipuzkoara zabaltzeko egin dituzten saioak ere, atzokoa bezala. Lortutako arrakastak bide onetik ari direla erakusten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo