GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Bertso udalekuak Orion

Bertsoa ondo pasatzeko aitzakiatzat hartuta

Aurtengo Bertso Udalekuetako zortzigarren eta azken txandak Orion hartu ditu 30 bat haur nafar. Atzo, Oskar Estangaren bisita izan zuten kantagintza modu dibertigarri eta erakargarrian lantzeko.

p043_f01_199x108.jpg

Ane ARRUTI

Orioko hondartzatik aldapatxo bat igota topatuko dugu Itxaspe etxea. Itsasoarekin parez pare, toki pribilegiatu honetan hartu dute ostatu astebetez Nafarroatik iritsitako 30 gaztetxo inguruk. Bederatzi eta hamaika urte bitartean dituzte eta ondo pasatzeko grinaz gain, zaletasun batek elkartzen ditu: bertsoak.

Euskal Herriko Bertsozale elkarteak beste hainbat erakunderekin batera antolatzen dituen Bertso Udalekuetako azken txanda da Oriokoa. 1998az geroztik, hainbat eta hainbat haur biltzen dira ekimen honetan. Hazparnen izan zen lehenengoa, «bertso eskoletako haurrak eskolarteko txapelketetatik bakarrik ezagutzen ziren, lehia kontestu batean. Orduan, haurrak hortik kanpo ezagutarazteko zerbait egitea pentsatu genuen», gogoratu zuen Erika Lagomak, Orion sukaldari lanetan ari den bertsolariak. Hogei haurrekin hasi zena -tartean Xabi Paya, Amets Arzallus, Sustrai Colina...- 329 gaztetxo bildu dituen saio izatera iritsi da, zortzi txandatan banatutako ekitaldia.

«Hau ez da bertsolariak sortzeko barnetegi bat», argitu nahi izan zuen Beñat Vidalek, udaleku hauen zuzendariak. «Helburua bertsoarekin gozatzea, ondo pasatzea, bertso mundua ezagutzea da», gaineratu zuen. Bertsolaritza, kantagintza eta oro har kultura aisialdi gozagarri baten parte izan daitezkeela azaleratzea edota, bertsolaritzari lotuta, euskaraz bizi den eremu bat sortzea ere badira ekimen honen xede.

«Jokoak ohiko udalekuetan bezalakoak izaten dira, baina beti daukagu atzetik bertsolaritzaren aitzakia», azaldu zuen Vidalek. «Lehenengo egunean, adibidez, taldeak egiten dira eta aurkezpena egiteko bertso bat egiten dute. Lagun ezkutuaren jolasean bestalde, azken egunean opari bat eta bertso bat egiten diote elkarri».

Plazaz plaza edo txapelketetan eredu dituzten bertsolariak ezagutzeko parada ere eskaintzen du astebeteko egonaldiak. Horretarako, umeek irrikaz itxaroten duten bertso afaria izaten da asteko ekintza arrakastatsuena. «Umeek ezagutzen dituzten bertsolariak etortzen dira, erreferente dituztenak. Bertso afari bat egiten da, udalekuen testuinguruaren barruan. Bertsolariak umeen jolasetan barneratzen dira eta oso berezia izaten da», esan zuen Vidalek. Gaur izango da hori, bertan izango baitira Maialen Lujanbio eta lehendik udalekuetan ibilia den Julio Soto ere.

Bigarren ekintza bereziena, berriz, atzo izan zuten, Oskar Estanga bertsolari eta musikariarekin kantagintza landu baitzuten.

Diskoaren grabaketa

Gitarra, mikrofonoa eta ordenagailua eskuan hartuta iritsi zen atzo Estanga Oriora. «Nire funtzioa udalekuetako diskoa grabatzea da», azaldu zuen. «Hori egiteko, kanta ezagun bat hartzen dugu, letra aldatzen diogu eta bertan islatzen ditugu guk nahi ditugun kontuak. Egunean bertan grabatzen dugu, bai haurrekin eta bai begiraleekin, txandaren arabera, agian kanta bat baino gehiago egiten dituzte... Horiek grabatu eta txanda guztiak amaitutakoan ateratzen da udalekuetako diskoa».

Lehendabiziko lana, beraz, doinua aukeratzea. «Hau ez da lana! Hau ondo pasatzea da!», zuzendu zion neskato batek «maisuari» eta abesti ezagunak -«Goazen», «Amets», «Sarri Sarri», helduenentzako ezezagun «EH Sukarra» kantuaren «Basapiztia» bertsioa- abestuz ekin zioten aukeraketari.

«Diskoa grabatzea da teorian helburua. Baina praktikan, azkenean kantatzea, sortzea, moldatzea... Diskoa izaten da egun horretako ardatza, baina lantzen ditugu kantuak, dantza, beraiek kantatzea, mugitzea, norbaitek instrumentua jotzen badaki berak jotzea... Autonomia hori lantzea eta sortzeko gaitasuna badaukatela konturatzea, finean».

Adi-adi jarraitu zituzten gaztetxoek Estangaren aholkuak, parte hartzeko gogo biziz eta kantuak proposatuz. «Normalean denak izaten dira bertsozaleak, gurasoak zaleak badira, txikitatik jaso dute etxean. Nagusiagoen txandetan beraien kabuz ibiltzen dira gehiago, bertso-eskoletakoak dira...», azaldu zuen Vidalek. «Txanda txikitan igartzen da batez ere, nor den bertso-eskolako haurra, nor datorren motibatuta, eta zein heldu den derrigortuta... Baina nabaritzen da bertsoarekin harremanik ez dutenak maitemintzen direla eta lotzen direla azkenean, eta hori ere oso aberasgarria da», gaineratu zuen Estangak.

Lan saioaren ostean, emaitzaren hasiera, honakoa: «Mendian lar artean aurkitzen da aterpetxe bat. Aurrian itsaso bat, Matxitxakori begira». Disko osoa noiz aterako zain egon beharko dugu, gazte hauen irudimenak eta sorkuntzarako gogoak emandako fruitua ezagutzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo