GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

KAE-1 liga

Camargok ez dio muzin egin nahi garestitu den igoerari

Kantabriarrak bigarren postuan dira, erlojupekoan azkarrenak izan eta gero.

p045_f01_148x096.jpg

Ander GARTZIA I

Gauzak estutuz doazen heinean, sailkapeneko goialdean kokatutako ontziek eman beharreko mailak are eta altuagoa behar luke izan eta, oraingoz, presio horren aurrean kikildu ez dena Camargo da. Pasaian jokatutako erlojupekoa erakusleiho paregabea bilakatu zen KAE-1 ligako oilarren arteko indarrak neurtzeko eta banakako lan nekezan kantabriarrak izan ziren nagusi.

«Virgen del Carmen» ontziak asteburuetan jokatutako proba bakarrean garbi erakutsi du oso traineru fidagarria dela eta, hala, kontuan hartzeko hautagaia izan daitekeela falta diren hiru probetan. Camargok sailkapeneko bigarren postura egin du jauzi, eta liderrak diren santurtziarrengandik puntu bakar batera kokatu da. Berdinketa gertatuz gero, orain arte lortutako bost garaipenek ematen dieten abantaila erabakiorra suerta liteke txapelketa amaieran.

Epaile berria

Santurtzik, Camargok eta Isuntzak irailean ospatuko diren igoerako kanporaketetara begira arraunak zorrozten ari diren azken txanpa honetan ezusteko gonbidatu bat izan dute: Zierbena. Hiru hautagai nagusiak erlojuaren aurka puntuak nola banatu behar zituzten erabakitzen ari ziren bitartean, Francisco Francesen mutilek egundoko estropada burutu zuten. Atzokoan kantabriarrek baino lau segundo gehiago behar izan zituzten helmugan eta urrearen balioa duten puntuak lapurtu zizkieten bai santurtziarrei bai lekeitiarrei. Hortaz, ikusi beharko da hurrengo estropadetan Zierbenak zein maila eman dezakeen, lehen postuetan kokatzea lortuz gero, buruhauste bat baino gehiago eman bailiezaieke prestatzaileei.

Sailkapenaren beste muturrean, bestalde, gauzak garbiago daude, nahiz eta Busturialdeak Pasaian lortutako emaitza onari esker Fernando Zagastiren mutilak bizirik dirauten ligan. Bizkaitarrak azken-aurrekoak dira, Getxorengandik bost puntura, eta emaitza onak pilatzen jarraitu ezean, Trintxerperekin batera egin beharko diete aurre igoera-jaitsierako kanporaketei.

Egutegiaren zatirik garrantzitsuenean murgilduta hamabi ontziek beste estropada bat izango dute larunbatean Hondarribian, eta hurrengo egunean Bilbon ikusiko dute elkar ligako azken-aurreko proban.

Portugalete nagusi izan da eta eskura du igoera

Oker handirik jazo ezean, Portugalete KAE-1 ligako ontzia izango da datorren denboraldian, atzo, Zarautzen jokatutako estropadan jaun eta jabe izan eta gero, sailkapeneko aurreneko postua eskura baitu. «Jarrillera» ontziak denboraldiko bosgarren garaipena erdietsi zuen eta denboraldi hasieran erakutsitako nagusitasuna berretsi eta gero 23 puntotako errenta du sailkapenean.

Atzoko jardunaldian Getariako trainerua izan zen beste garailea. Gipuzkoarrek egundoko etekina atera zioten Santoñak eta Zumaiak egindako hutsari, eta bigarren postuan sailkatu ostean, sailkapeneko hirugarren tokian kokatu dira kantabriarrengandik 3 puntura. A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo