GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Interferentziak?

 

Beharbada batzuek espero zuten Nafarroa Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketa urratsetatik at geldituko zela. Hainbaten kasuan, horixe nahi zuten. Izan ere, ederki daude beren eserlekuetan, nahiz eta jendarteak aldaketa sakon eta ausartak eskatzen dituen. Eroso daude, jendartearen interesen aurretik beren egitasmo pertsonalak jartzen dituztelarik.

Urduri daude horietako batzuk Nafarroako hainbat eragileren arteko harremanak direla eta. Nafarroa Bai arriskuan ikusten dutela diote, «interferentziak» direla. Egia esan, poltrona batzuk egon daitezke arriskuan, Alderdien Legeari esker «sortutako» hauteskunde emaitza batzuk ere kolokan daude. Ezker abertzalearen bazterketa bera gainbehera doa. Nork ikusten ditu, ordea, aldaketa hauek beldurrez?

Nabarmena da aldaketaren kontrako guztiak mobilizatu direla. Egunkarietatik instituzioetako bulegoetara. Azken europar hauteskundeetan ikusgarri bilakatu zen ezker abertzalearen indarraren beldur dira, eta, batez ere, bestelako indar metaketaren aurrean gaudela sumatzen dute, hots, benetako aldaketaren aldeko indar metaketaren aurrean.

Horixe ez da izan, hain zuzen, NaBai. Ezker abertzalea baztertzeko sortu zen, noiz eta Alderdien Legea ezarri zelarik. Geroztik, eta emaitza ederrak erdietsi baditu ere, koalizio hori ez da sakoneko aldaketaren erreferentzia izan. Etengabeko krisialdian murgilduta ibili da eta gaur egun bere etorkizuna kolokan dago.

Gaur egun Euskal Herrian ostarteak irekitzen ari diren giro honetan, oso beharrezkoa da ahalik eta lagun gehien elkarretaratzea. Baina ez hainbat eserleku lortzeko, ildo emankor eta eraldatzailearen inguruan baizik. Nafarroaz ari garenez, Nafarroa aldatzeko, espainiar nazionalisten ezarketari aurre egin eta beste bide bat hautatzeko, beste euskal lurraldeekiko loturak errotuz.

Espainiar eskuinari egin behar zaio aurre, ezkerretik, jakina. Argi ikus dadin nori komeni zaion Espainia foral eta espainolaren eredua eta nori Euskal Herri batuarena. Denok jakin dezagun non dagoen neoliberalismoaren eta indar aurrerakoien arteko muga. Jendarteari adierazteko aldaketa egingarria dela eta bestelako politikagintza egin daitekeela.

Batzuek ez dute halakorik nahi. Oraingo egoera nahiago dute eta aldaketa oztopatuko dute, jadanik egiten ari diren moduan. Haiendako, auzi politikoa gainditzeko eta aldaketa gauzatu ahal izateko saioak «interferentziak» dira. Bai, jakina, beren egitasmo pertsonalak kolokan jartzen dituzten «interferentziak».

Ziklo aldaketak zailak izaten dira. Kultura aldaketak ere bai. Kostako da batzuen erresistentzia gainditzea. Sabotaje bilakatu daiteke eta gure begien aurrean elkarbide ikusgarriak izanen ditugu, ziurrenik. Batzarre eta EAJren arteko sintonia, adibidez. Espainiar eskuinaren markoen defentsa sutsua egiten dute Batzarrekoek biktima (batzuk) direla-eta, besteak Nafarroako berezitasunaz mintzo direlarik. Nafarroa saldu zutenak, Nafarroako berezitasunaz mintzo!

Nafarroa berezia da, jakina. Erronka ez da berezitasunak ahanztea, aldaketa gauzatzea baizik, eta nekez gauzatuko da espainiar nazionalisten markoak onartuz eta babestuz. Haiek bezala pentsatuz haiek bezalakoak izanen ginateke, finean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo