GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Otano Villanueva Administrazioan Euskaraz taldea

Erizainen deialdian, Nafarroako Gobernuak mozorroa erantzi du

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Gobernuaren jokaera argigarria bezain lotsagarria salatu nahi du.

Hirurehun eta hogeita zortzi lanpostu zeuden jokoan erizaina izan nahi zutenentzat. Nafarroako Gobernuak euskaldunon eskubideei eta bere arauei muzin eginez, euskara jakitea ez zuen baloratu.

Helegiteen ondorioz, atzera egin behar izan du, euskara jakitea baloratu eta oposizioa gainditu zutenen zerrenda aldatu. Ez da euskara jakitearen balorazioa «ahaztu» zaion lehenengo aldia izan, baina oraingoan epai batekin talka egin du.

Euskaraz ez jakitearen ondorioz lagun batzuek lanpostua ez lortzea Nafarroako Gobernuari onartezina egiten zaionez, lanpostu kopurua emendatu du, «ustezko kaltetuei» ere lanpostua emateko.

«Konponbide» horrekin Nafarroako Gobernuak garbi erakutsi du euskara baloratzen duen kasu apurretan ere beretzat hori fartsa hutsa dela. Ez duela inolaz ere kasurik berdinduenetan ere hori erabakigarria izaterik nahi. Euskararen balorazioen inguruan engainua eta iruzurra besterik ez dela bere jokoa (zertarako erabakigarriak izaterik ez duten merituak?).

Baloratu gabeko merituak beste batzuk izan balira eta oposiziogileek helegitea irabazi izan balute, antzeko jokaera edukiko zuen Nafarroako Gobernuak? Denok dakigu ezetz. Beraz, euskararen balorazioa kontu hutsala dela utzi du agerian Nafarroako Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo