GARA > Idatzia > Kultura

«Chicogrande» mexikar filmak irekiko du Zinemaldia

Donostiako 58. Zinemaldian Pancho Villaren bizitzako pasarte batean oinarritutako film mexikar batek irekiko du aurten Sail Ofiziala. Atzo «Addicted to Love», «I Saw the Devil» eta «Satte Farben vor Schwarz» ere gehitu dituzte lehiara, eta aurki osatuko dute sail osoa.
p041_f01_250x136.jpg

A. BILBAO | BILBO

Felipe Cazals mexikar zuzendari handiaren «Chicogrande» filmak irekiko du Zinemaldiko Sail Ofiziala Donostian, Mexikon ospe handikoa den Damian Alcazar duena antzezle nagusi. Pelikula mugaldeko western bat da, kritika soziopolitikoa egiten duen abentura filma, abiapuntua egiazko gertakizun batean duena: Pancho Villak Mexiko Berriko Columbus herrixka inbaditu ondoren, AEBetako tropek mexikar buruzagia akabatzeko asmoz egin zuten zigor espedizioa.

Felipe Cazals aurretik ere izana da Donostian (1985ean esaterako, Zilarrezko Maskorra erdietsi zuen «Los motivos de la luz» filmarekin), eta nazioarteko makina bat zinema jaialditan parte hartu ostean, sari garrantzitsu ugari lortu ditu bere ibilbide luzean. 1976an Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen «Canoa» filmarekin. Urte horretan bertan, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen «El apando» lanarekin eta 1987an «Lo del César» filmarekin. Donostiarekin duen harremanari buruzko azalpenak bukatzeko, 1989an Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide izan zen.

Bestalde, eta iragarrita zegoen Naomi Kawaseren «Genpin» lanaz gain, Asiako zinemak beste bi ordezkari izango ditu. Batetik, «Addicted to Love», Liu Hao zuzendari txinatarraren hirugarren lana (Aipamen Berezia lortu zuen 2002ko Berlineko jaialdian, zuzendari hasiberrien kategorian, «Chen Mo and Meiting» lehenengo lanarekin). Bestetik, nazioartean oso ezaguna den Kim Jee-Woon zuzendariaren «Akma-reul Bo-at-da / I Saw the Devil» izango dugu ikusgai Donostian. Canneseko Sail Ofizialean parte hartu zuen «A Bittersweet Life» (2005) eta «The God, The Bad and the Weird» (2008) lanekin, eta bere ibilbide zabalean nabarmentzekoak dira «The Foul King» (2000) eta «A Tale of Two Sisters» (2003).

Gainera, «Satte Farben vor Schwarz», Sophie Heldman zuzendari alemaniarraren opera primak Bruno Ganz eta Senta Berger ditu protagonista, eta 50 urte luzez elkarrekin egon den bikoteak gizonaren gaixotasunari nola egiten dion aurre kontatuko digu. Film hori Kutxa-Zuzendari Berriak sailean ere lehiatuko da.

Izenburu hauek aurretik iragarritako guztiei batzen zaizkie, kasik Sail Ofiziala guztiz osatzeraino. Aurki iragarriko omen ditu Zinemaldiak gainerakoak.

Irekierako filmean, Pancho Villak, Columbus herrixkaren inbasioan jasandako porrotaren ondoren, atzera egingo du, eta Guerrero hirian, hankan zaurituko dute Carranzaren aldeko tropek. Mexikoko lurraldean dauden estatubatuarrek jazarpen masiboa eragingo dute Villa bizirik ala hilik harrapatzeko, eta makal dagoen Villak mendira joko du ezkutatzeko. Chicogrande Villaren aldeko gaztearen erantzukizuna harentzat mediku laguntza lortzea izango da, eta horretarako bere bizia ere sakrifikatzeko prest dago. Eta hori da «Chicogrande» filmak kontatzeko duen istorioa.

Maitaleak

«Addicted to Love» txinatar filmak berriz, fabrikan lan egin ondoren erretiratuta dagoen Pop-en istorioa dakar. Zaharrak gustuko du bere aspaldiko lagun Lao Changekin merkatura joatea. Egun batean, ahaztu ezin izan duen aurpegi bat ikusiko du bertan: Li Ying bere lehenengo maitearena -ezkutuan ikusiko dute elkar, seme-alaben borondatearen kontra-. Eta maiteak Alzheimerra duela jakitean, Pop zaharrak jolasak asmatuko ditu hark memoria landu dezan. «Chen Mo and Meiting» (2002) filmean bezala, Liu Haok aktore ez profesionalengana jo du berriro, eta ukitu poetikoak eta umoretsuak dituen amodiozko ipuin ezohikoa kontatuko digu beste behin.

Hego Koreako «Akma-reul Bo-at-da» lanak, plazer hutsagatik hiltzen duen Kyung-chul psikopata arriskutsua aurkeztuko digu. Serie-hilketa izugarriak egin ditu metodo gaiztoak eta asmaezinak erabilita, eta bere biktimak mota askotakoak dira, neska gazteak zein haurrak. Poliziak denbora luzea darama haren atzetik baina ezin dute harrapatu; eta gainera, egun batean, haren harrapakina Ju-yeon izango da, erretiratutako poliziaburuaren alaba.

«Satte Farben vor Schwarz» Suitzak eta Alemaniak elkarlanean egindako filma da, amodiozko istorio bat kontatzen duena, 50 urte ezkonduta daramatzaten Anitaren eta Fredenena. Beren bizitzen azken etapan aspaldi sartu baziren ere, oraindik beren amodioaz gozatzen jarraitzen dute, amodio seguru eta ez beti sinbiotikoaz. Fred bere gaixotasunaren fase terminalean sartzen denean, familiari ezer ez esatea erabakiko du, Anitari izan ezik, berak bai baitaki. Zuzendariaren opera prima dugu eta beraz, Kutxa-Zuzendari Berriak sarirako hautagaia.

SAIL OFIZIALA

Felipe Cazalsen «Chicogrande», Liu Haoren «Addicted to Love», Kim Jee-Woonen «Akma-reul Bo-at-da» eta Sophie Heldmanen «Satte Farben von Schwarz» dira aurkeztutako lau pelikulak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo