GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea Igeldo Harria

Izeta II.ak zazpigarren txapela jantzi nahi du

Aiarrak irabazi ditu azkeneko sei ekitaldiak, eta gaur 19.30etik aurrera jokatuko den saiorako ere bera izango da faborito nagusia. Ostolatza agertzen da egungo txapeldunaren aurkari nagusitzat.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Igeldo Harria Txapelketa jokatuko da gaur 19.30etik aurrera Donostian, Trinitateko plazan. 134 kiloko harri traketsarekin aritu beharko dute lanean, eta bakoitzak bost minutuko txanda bat izango du lanean aritzeko.

Honako kirolari hauek arituko dira bertan, jo eta ke: Ariztegi, Bertiz, Calvo, Eizmendi, Ostolatza, Ugartemendia, Urpe, Izeta II.a, Izeta III.a, Telleria II.a eta Telleria III.a.

Izeta II.a da garaipena erdiesteko faborito nagusia. Aiarra da azkeneko urte hauetako txapelduna, eta pasa den urtean 17 jasoaldirekin lortu zuen garaipena Donostian, bigarren sailkatu zen Ostolatzari hiruren aldea kenduta. Aiarrak, gainera, azkeneko sei urteetan lortu du txapela, eta gaurkoan ere ez dirudi erraza izango denik berari garaipena kentzea.

Ostolatzak ematen du Izetaren aurkaririk gogorrena aurten ere, baina pasa den urtean ere horrelaxe izan zen, eta Izetak erraz lortu zuen txapela. Harri traketsetara ongi moldatzen da Izeta, eta Igeldokoari ederki hartua dio tamaina.

Txapelketa honetako marka Goenatxo II.ak dauka, 19 jasoaldi eman zizkion-eta. Gaurko berrikuntzak, berriz, Calvo, Ugartemendia eta Ariztegi izango dira. Hiru horien helburua ahalik eta lanik onena egitea izango da, eta kontuan hartu behar da Igeldo Harria ez dela batere harri samurra. Kirolarien artean berdinketarik egongo balitz, pisurik gutxien duen harri-jasotzaileak eramango du garaipena.

Datorren asteburuan ere beste bi torneo jokatuko dira. Hilaren 28an Elgoibarren izango dira Irigoien, Belioso, Goikoetxea, Bertiz, Ariztegi eta Izeta IV.a. Bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili beharko ditu, eta bakoitzarekin bost minututan arituko dira. Egun bat geroago, hilaren 29an, berriz, Berrobin izango da saioa. Bertan Izeta IV.ak, Irigoienek eta Bertizek osatutako taldeak Izeta III.ak, Izeta II.ak eta Ostolatzak osatutako taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Aurrean, 125 kiloko errektangularra, 113ko kubikoa, 100eko zilindro zaharra eta 100eko bola izango dituzte. Lehen hirurekin bina minutuko txandak osatu beharko dituzte, eta azkenekoarekin, aldiz, hirunakoa. Gainera, Telleria II.a bertako «Dordoka» harri traketsarekin arituko da lanean, berrobitarren aurrean bere marka pertsonala egin nahian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo