AIZKORA
Gazteek beren gorakada berretsi behar dute beterano ezagunen aurrean
J.L.
Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da bihar 12.30etik aurrera Gorritiko pilotalekuan. Bertan lehiatuko dira Senosiain II.a, Jaunarena, Erdozia, Xabier Mindegia, Etxeberria, Mandazen, Olano, Amillano, Kañamares III.a eta Ruben Saralegi.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu beharko ditu, eta aurreneko bostetan amaitzen duten aizkolariek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Lehen bost horietan sartzeko faboritoen artean izen asko agertzen dira. Hala ere, zaleak Saralegiri, Kañamaresi eta Olanori begira daude. Behetik gora oso indartsu datozen gazte horietakoak dira, eta finalean ez sartzea sekulako hutsegitea litzateke askorentzat.
Horien artean, izen handiko beteranoak ere badira, Euskal Herriko eta Nafarroako maila nagusian ibilitakoak, Erdozia edo Jaunarena esaterako. Bertan da Senosiain II.a ere, ez horren beteranoa, baina eskarmentu handikoa.