GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iran herrialde nuklearra da, baina eskubide osoz

Iranen lehen zentral nuklearra martxan dago. Atzo lanean hasi zen Bushehrko zentral nuklearrak atzerabueltarik ez duen prozesu bat irudikatzen du. Iranek energia nuklearraren ziklo osoa beregain burutzeko duen ahalmena erakusten du. Uranio meategiak ditu, ur astuna egiteko plantak, zentraletarako erregaia ekoizteko uranioa aberasten du eta atzo programa nuklear osoaren zikloa itxi zuen. Eskubidea du horretarako. Garapen bidean dauden herriek ez dute zertan eskubide horri muzin egin, herrien independentzian eta berdintasunean oinarritutako mendekotasunik gabeko mundu baten aldeko ikuspegitik behinik behin. Iranen urrats berri hau zigor ekonomikoen eta gerra hotsen testuinguruan dator. Brasilek, adibidez, Iranek egin duen gauza berbera egin du, eta inork ez du horregatik bonbardatzearekin edo ekonomikoki itotzearekin mehatxatu. Moral bikoitza, inon egotekotan. Bestalde, presioa areagotzeak Iranen programa nuklearra azkartzea ekarri du, eta haren eraginkortasunak hutsaren hurrengoa dirudi -irandarrentzat izan ezik-. Zortzi egun barru erregaia erreaktorean sartuko dela eta epe kritiko hori gaindituta bonbardaketek irradiazio hilgarria zabalduko dutela ohartarazi diote Israeli. Obamak urtebete barru Iranek arma nuklearra izango duela aurreratu du. Aurrekariak ikusita eta Israelen politika ezagututa, Fidel Castrok ziurtzat ematen duen gerraren mamua zabaltzen joango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo