Krisiaren ondorioak latzak dira, gobernuen «soluzioak», berriz, latzagoak
Nicolas Sarkozy frantziar presidenteak, oporretan ere kontuak buruan, hazkunde aurreikuspenak baikorregiak zirela susmatu eta bere Kabineteko ministrorik pisutsuenak bildu zituen atzo. Aurreikuspen horiei puntu erdi kentzea aholkatu zien egoera ekonomikoaren azterketak. Bide batez, Sarkozyk bere lehentasuna jakinarazi zuen, defizit publikoa murriztea, hain zuzen. Eta hartarako errezeta, espero izatekoa -eta beldurtzekoa- zenez, estutasun handienean bizi direnak areago estutzea da. Hainbat kenkari fiskal eta sozial murriztuz defizita %6raino txikitzeko asmoa dute. Hartara, etxebizitza erosteko edo ekipamendu ekologikoen laguntza fiskala, esaterako, ezabatu edota murriztu egingo dute. Sorpresa handirik ez, «ongizatearen» Europa honetan, non «soluzio» ekonomiko guztiak norabide berekoak diren, argi baitago helburua: ekonomia suspertzea; bakan batzuen ekonomia, jakina.
Horiek horrela, ez da sorpresa handia, halaber, enpresaburu alemaniarren burutazioa. Langileen oporrak murriztea proposatu dute herrialde hartako bi enpresaburu elkartek. Txantxa dirudi, baina honezkero, horrelako txantxak oso serio hartzeko modukoak dira.