GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Piraten Aste Nagusia

Koadrilen Egunean euskal musikaz eta dantzaz bete da La Flamenka gunea

Astelehenean, guztiok portutik begirik kendu ezinik, Donostiako Piratek egundokoa egin zutelako egun handia ospatzeko. Ondoko egunetan ere izan zituzten haur zein helduek gozatzeko moduko jarduerak, eta atzo berriro gazteen txanda iritsi zen. Abordatzera baino askoz jende gutxiago bildu zen La Flamenkara, baina oso giro polita sortu zen bertan.

p019_f01_ONA.jpg

Nagore BELASTEGI

Piraten Koadrilen Egunak berez 11.00etan hasi behar zuen, Trinitate plazan jarri duten La Flamenka gunean, baina jendea nahiko nagi zebilen, aurreko egunetako parrandagatik edo, eta ordubete beranduago hasi zituzten iragarritako tailerrak. Bitartean, haurrek txokora jolasten zuten frontoian.

Lehenik, slack line izeneko oreka jokoan aritu ziren. Plazan dagoen eraikin txikiaren goiko aldean zinta sendo bat lotu zuten, eta bertan zebiltzan piratak, zirkuko trapezistak balira bezala, soka gainean zutik mantentzeko eginahalak egiten. Denek nahi zuten saiatu, zaila izan arren. Pauso txikiak emanez eta entseatuz, azkenean sokaren beste aldera iristea lortu zuen batek baino gehiagok. Pirataz jantzitako gazteak «Pirates of the Caribbean» filmeko Jack Sparrow kapitainak lehorreratzean izan duen ibilera imitatzen ari zirela zirudien.

Ondoren, txalaparta eta dantza tailerrak hasi ziren. Hasieran antolatzaileek besterik ez zuten parte hartu, baina pixkanaka, begiratzen ari ziren batzuk ere animatu ziren. Txalaparta jotzeko makilak esku artean zituena kolpeka hasten zen irakasleak ematen zituen argibideei jarraituz, «txandaka jotzen da, lehenengo batek eta gero besteak», zioen. Ume txikiak ere jakin-minez probatu zuten soinu erritmiko hura zabaltzen zuen musika tresna jotzea, nahiz eta askok esan zuten nahiago zutela pilotan jolasten jarraitu.

Bitartean, batzuk dantzan ari ziren, trikitixa eta panderoaren hotsarekin. Antolatzaileek nabaritu zuten musika jotzen zutenean jende gehiago sartzen zela plazara, zer zegoen begiratzera, eta horregatik atearen parean hasi ziren dantzatzen. Hala, jende ugari, atzerritarrak eta guzti, La Flamenkan sartu ziren dantzak ikustera. Batzuek polka, fandangoa edo arin-arina dantzatzen ikasi zuten. Plazara sartzen ziren haurrek ere tripulazioko kide izan nahi zuten, eta horregatik, adabaki bana marrazten zien begian pirata atsegin batek.

12.30 aldera graffitigileak iritsi ziren. Panel zuriak jarri zituzten paretaren kontra, eta koloretako sprayak atera zituzten. Hasieran ingurura begiratzen zuten artistek, ea nor animatzen zen beraiekin marraztera. Baina azkenean etsi egin zuten, eta lanean hasi ziren. Pare bat zirriborro egin eta bi piraten trazak azaltzen hasi ziren panel zurietan. Pixkanaka irudiak hobetu nabarmenduz joan ziren, gainerakoen begiradapean.

Gero eta pirata gehiago biltzen ari zen. Atzo ere bazkari herrikoia egin zuten, baina Abordatzearen egunean ez bezala, koadrila bakoitzak eraman zuen jatekoa. 14.00etan Trinitate plazako frontoian mahaiak jartzen hasi ziren eta tailerretako materiala jaso zuten.

Eztarriak berotzen

Bazkaldu orduko, 15.30ean, mahaiak jaso zituzten, eta atseden bila itzaletara lerratu ziren piratek ere lagundu zuten horretan. Gero, euskal kanten hitzak zituzten orriak banatu zituzten, denek elkarrekin abesteko.

Bitartean, kafea eta patxarana iritsi ziren txosnara, eta pirata ugari joan ziren eztarria berotzeko edariaren bila, hala, Ezkila kapitaina begira zutela, ondo-ondo abesteko. Horretan ari zirela kaio lotsagabe bat agertu zen bat-batean, nabarmentzeko asmoz edo, buru guztien gainetik hegaka, eta oihuka eta builaka erantzun zioten piratek.

Itziar Navarrok eta Beñat Intxaustegik hartu zituzten gitarrak. Lehenengo notak jo zituztenean, «Aita-semeak tabernan daude, ama-alabak jokoan...», hasi ziren denak batera. Hasieran ahots apal samarrez abestu zuten, baina «Navarra tiene cadenas» kantua iritsi zenean, lagun batzuk poz-pozik jarri ziren, eta amaieran, txalo zaparrada izugarria entzun zen La Flamenkan.

Giroa gero eta biziago, izan ere, piratak bizkortzen ari ziren, kantu saioaren ondotik, jinkana egin behar zuten-eta. Iaz altxorraren bila jokoa egin zuten, Alde Zahar osoa hartuta. Aurten koadrila asko elkartu dira eta ezin izan dute halakorik antolatu, eta horren ordez, lau probez osatutako jinkana txiki bat egin zuten, helburu berberekoa: altxorra aurkitzea.

Behin jokoa amaituta, 19.00etan, Urgulletik behera datorren aldapatik, Oilagorra elkartearen ondotik, kalejiran jaitsi ziren koadrila guztiak, banderak airean astinduz. Gauean La Flamenkan afaltzeko aukera izan zuten, eta gero, Trikizio taldeak jo zuen, euskal doinuekin, eguna ondo amaitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo