GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Kolonbia: bortxakeriak eragindako ume desplazatuen drama

 

Azken 25 urteotan Kolonbian bost milioi inguru pertsona daude baztertuta. Horietariko %49 Uribe boterean zegoela. Horietariko gehienek 18 urte baino gutxiago dituzte. Umetan ezagututako lekuak utzi eta bestelako giro arrotzetan dramaren tamainan murgildutako babesik gabeko gizaki-mamuak bihurtzen ari dira Kolonbiako ume asko. Hemen desplazatu batzuen istorioa.

Pinotxo, Zorria, Edgar, Julio Zesar, Maria... lagunak dira eta Bogotako kaleetan ezagutu zuten elkar. Harrezkeroztik, elkarren ondoan egiten dute lo Parque de los Periodistas izenekoan. Beraiekin batera, badaezpada, Tirofijo dago. Oso txakur leiala da, baina badaki estualdietan haginak erakusten eta horrek lagundu egiten die lo goxoagoa egiten. Gaueko hotzari aurre egiteko egunkari orriak eta kartoi batzuk izaten dituzte tapakitzat. Halarik ere, beti esnatzen dira hotzak kikilduta; inoiz besteetan baino hotzago, baina beti hotzez. Hori bai, esnatutakoan, dena batzen dute txukun-txukun eta soka batez kateatzen dute kale-garbitzaileek ez eramateko.

Beraien istorioa ez da gurea bezalakoa. Gainera, inoiz ez da izan amek ohera joan aurretik kontatutakoaren antzekoa, zeren eta ipuinetan bukaera beti zoriontsua izan ohi baita eta ume horienak inoiz ez baitu bukaera zoriontsurik izaten.

Batzuek ikasten dute, beste batzuek lan egiten, baina beste askok, ume hauek bezala, ezohiko zereginetan jarduten dute. Askotan inguruko kafetegietan sartzen dira, sabela berotze aldera. Horretarako, jendeak edalontzietan utzitako kafearen hondarra edateko aprobetxatzen dute, baldin eta bertako langileek modu zakarrean kalera bidaltzen ez badituzte. Dirudienez, beraien itxura ez dute gogoko. Halarik ere, ez dute inoiz amore ematen eta hurrengoan ez bada, hurrengoan izango dira bertan. Edozein gauza egiteko elkarrekin aritzen dira eta horrek indarra ematen die. Beraien argotetan talde lana egiteak gallada du izena, eta oso harro daude, gainerako umeen artean horren galduta dagoen laguntasuna oso errotuta dutelako. Beraien eremuak mugak ditu, bete beharrekoak, eta Simon Bolivar enparantzaren inguruan aritzen dira eskean udatiarren argazki-makinen argitxoak eta pauso motelen keinuek usoak uxatu bitartean. Eta esku-ahurra eta irria lagun, sekulako ahaleginak egiten dituzte inoiz txiripaz suertatzen den eskuzabal horren eskupekoa jasotzeko. Batutako diru apurra arepa, opiltxoak... erosteko erabiltzen dituzte.

Noiz edo noiz Julio Zesarren aita etortzen da fruta ematera eta, horrela, barruko arra asetzeaz gain, zer edo zer osasuntsua jaten dute. Jateko aukera handirik ez duten egunetan, gasolina pote bat erosten dute eta jertsearen mahukan bustitzen dute gero sudur zuloetatik usaintzeko. Gosea baretzen duenez, ez da aukera txarra, besterik ez badago. Lapurretan gutxitan egiten dute, eta gehienetan janaria. «Orain arte inoiz ez gaituzte harrapatu», dio Pinotxok harro-harro. Badaezpada, nagusiei lapurtzen diete, horrelakoengandik alde egitea errazagoa baita. Oilaskoa saltzen duten tabernen bueltan itxoiten egotea izan ohi dute gogoko gero erositako oilaskoa paperezko poltsa batean batutakoa eramatean kolpe egiteko eta ziztu bizian hanka egiteko. Horrelakoetan Tirofijok ere izaten du aukera jateko, soberan dauden hezurtxoak berari ematen baitizkiote.

Gauza gehiago ere egiten dute; esaterako, autobusetan sartu eta abestu. Ez dira oso abeslari onak, beraiek badakite, baina hori gutxienekoa da, kontua ahoa zabaltzea da eta txanpon batzuk biltzea. Gurasoak Bogotako mendi magaletako komunetan bizi dira. Oso urruti daudenez, umeek nahiago dute hiriaren erdian lo egin egunero etxetik etorri baino. Halarik ere, noiz edo noiz joaten dira, ama ez bada, aita ikustera, ze guztiek galdu baitute gurasoetako bat. Zorria saiatu da bere aitarena kontatzen, baina bukatu aurretik negarrari eman dio eta Julio Zesarrek kontatu behar izan du dramarena. Zorria aurrean zegoela hil omen zuten paramilitarrek.

Beraien etxeetan ez dago argindarrik, ezta urik ere. Hala eta guztiz ere, den-dena ez da sufrimendua beraien bizitzan. Batzuetan zaldiko-maldikoetan ibiltzen dira, eta errusiar mendian. Hori bai, orduan ere saiatzen dira trikimailuren bat egiten ez ordaintzeko. Eta horrelakoa da beren lurra utzi eta hirira behartuta etorri diren ume desplazatu hauen bizimodua. Hauek ere laster jabetu ziren Bogotara heltzean, zerrendaren amaierari gehitutako beste desplazatu berri batzuk izango zirela, errealitatearen gordinak bestelako dimentsioa hartuko zuela, nahiz eta umeak izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo