GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezti ekoizpenak ez du nabarmen behera egin, klimak lagundu ez arren

Euskal Herrian ez bezala, inguruko erkidegoetan, kutsadura eta barroa gaitza direla medio, erle kopuruak behera egin du azken urteetan. Gurean, faktore horiek ez dituzte erlauntzak kaltetu, baina aurtengo Eusko Label izendapeneko ekoizpena apur bat txikiagoa izango da.

p028_f01.jpg

GARA |

Azken urteotan Euskal Herriaren inguruko hainbat erkidegotan erle kopurua nabarmen jaitsi da kutsadurak eta barroa gaitzak eraginda. Alabaina, Euskal Herrian egoera bestelakoa da, eta Eusko Label izendapenaren baitako eztiaren ekoizpen mailak ez du behera egin. Getariako Giez Berri eztitegiko arduradunek Europa Press agentziari azaldu diotenez, aurtengo ekoizpen maila apur bat jaitsi da, baina ez gaixotasunek, intsektizidek edota kutsadurak erlauntzetako populazioa gutxitu dutelako, klimaren eraginez baizik.

Giez Berri fabrika da Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian Eusko Label izendapenarekin eztia jaso eta ontziratzeko homologatuta dagoen enpresa bakarra. Hala, urtero, Eusko Label zigiluarekin merkaturatzen diren 70.000 kilo ezti inguru prozesatu eta ontziratzen ditu. Gipuzkoan 40.000 kilo ekoizten dira, Bizkaian, 20.000, eta Arabako erlezainek 10.000 eskuratzen dituzte.

Ekoizpen prozesuaren hasiera

«Aurtengo ekoizpenean izan dugun arazorik handienak klimarekin du zerikusia: hilabete batzuetan, ekainean esaterako, ekoizten hasteko erlauntzak indartzen hasten direnean, bi edo hiru astez euria egin zuen», azaldu dute Giez Berriko arduradunek. Zentzu horretan, erle populazioa gutxitu denik ukatu dute, eta, baieztatu dutenez, ez dute barroa izeneko gaitzak -akaro baten erasoak sortzen duen gaitza- edota soroetan erabiltzen diren intsektizidek hildako erlauntzik aurkitu.

Aurtengo uztari dagokionez, Nafarroako iparraldeko erlauntz transhumanteekin egiten den eta erromero, ezkai nahiz izpilikutik eskuratzen den eztiaren lehen bilketa egitean «jaitsiera txiki» bat antzeman dutela adierazi dute, eta hori ere klimak eragin duela azaldu dute.

Beste eremu batzuetako bilketak ere, klimaren ondorioz, gorabeheratsuak izaten ari direla esan dute Giez Berritik. Izan ere, uda hasiera ez da «oso egokia» izan sektorearentzat. Horrez gain, kutsadura edo erleen gaixotasunak Euskal Herrian ez direla arazo iturri baieztatu du Getariako eztitegiak. Aitzitik, laborantza estentsiboa egiten duten lekuetan sortzen dira kutsadura nahiz gaixotasun arazoak, Giez Berriren arabera, eta laborantza eredu hori Kantauri aldean ez da ohikoa.

70.000 KILO

Giez Berri eztitegiak 70.000 kilo ezti prozesatzen eta ontziratzen ditu urtero. 40.000 Gipuzkoan jasotzen dituzte; 20.000, Bizkaian; eta 10.000, Araban.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo