GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HaRRI-JASOTZEA Igeldo Harria

Izeta II.ak zazpigarrengoan ere txapela jantzi du

Aiarra da azkeneko urte hauetako nagusia, eta 16 jasoaldi eman zizkion.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Izeta II.ak ez zuen hutsik egin 134 kiloko Igeldo harriarekin, eta izen bereko txapelketa zazpigarren aldiz bereganatu zuen larunbat ilunabarrean, Donostiako Trinitate plazan. Jendeak ez zuen hutsik egin, eta berriro ere erabat bete ziren harmailak.

Aiarrak bost minututan lan bikaina egin zuen. Hamasei aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean eta garaipena erdietsi zuen. Bere atzetik sailkatu zen Joseba Ostolatza. Berarengan zaleek bazuten itxaropenik, baina txapeldunarengandik hiru jasoaldira geratu zen, bigarren postuan .

Emozioa hirugarren posturako izan zen, berdinduta geratu baitziren Telleria II.a eta Bertiz. Bi kirolariek hamabi aldiz berdindu zuten harria. Berdinketa hausteko araudia erabili zuten, eta horretarako bi kirolariak pisatu egiten dira, eta bietan arinena dena geratzen da aurretik. Hala, Telleriak eskuratu zuen bigarren postua. Urnietarrak berriro ere garbi utzi zuen harri trakets eta bereziekin oso ongi moldatzen dela.

Ez zen, ordea, hori izan iluntzeko berdinketa bakarra, Calvo eta Ugartemendia ere berdinduta geratu baitziren. Horiek seina jasoaldi eman zizkioten harriari. Horretan ere pisuak erabaki zuen lehia, eta Calvok amaitu zuen Ugartemendiaren aurretik. Datorren larunbatean Elgoibarko Torneoa jokatuko da eta, igandean, Berrobikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo