GARA > Idatzia > Kultura

Brasil eta Kolonbia, Biarritzeko Latinoamerikako jaialdiko protagonistak

Latinoamerikan kultura arloan dauden berrikuntza eta aldaketen isla izango da aurten ere Biarritzeko jaialdia. Irailaren 27an hasi eta urriaren 3an amaituko da festibala eta izanen diren berrikuntzak ezagutzera eman ditu Marc Bonduel zuzendariak, aurtengo egitaraua aberatsa izanen dela esanez. Lehiaketan izango diren filmen zerrenda guztiz finkaturik ez badago ere, aurtengo edizioan zinemagile gazteak nagusituko direla jakinarazi du Bonduelek.

p040_f01_97x136.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Latinoamerikara «bidaiatzeko gomita» luzatuz zabalduko da ondoko irailaren 27an Latinoamerikako kulturen eta zinemaren Biarritzeko jaialdia. Aurten XIX. edizioa izanen du eta, urtero bezala, kontinente horretan zinema, dokumental eta literatura alorretan eta, oro har, artean izan diren berrikuntza guztien «ispilu» izan nahi du.

«Gure jaialdia ez da zinema jaialdi arrunta. Latinoamerika gai orokor gisa azaltzen duen festibala da. Horrek behartzen gaitu kontinente horretako herrialdeetan egiten diren berrikuntza guztien berri izatera eta zabaltzera», nabarmendu zuen Marc Bonduel jaialdiko zuzendariak Garari eskainitako elkarrizketa batean.

Bonduelek seigarren edizioa du aurten jaialdiaren buruzagitzan. Ibilbide horren balantzea egitean, jaialdiak bilakaera handia izan duela goraipatu zuen. Nazioarteko zinema jaialdietan, Brasilen, Argentinan edota Mexikon ekoizten diren filmek duten arrakastaz gain, herrialde horietako gizartean gertatzen ari diren aldaketak ikusteko aukera izaten dela esan zuen.

«Duela sei urte, jaialdia antolatzen hasi ginelarik, gai politikoak ziren nagusi pelikuletan. Gaur egun, berriz, eguneroko bizitzari loturiko gai arinagoak jorratzen dira, eta horrek ikusleak erakartzen ditu. Politika arloan bizi izan diren aldaketek gizartean eragina izan dute, eta, gaur egun, gauza berri eta interesgarri asko gertatzen ari da Latinoamerikako herrietan», aipatu zuen.

Brasilgo aldaketa politikoa

Biarritzeko jaialdian azken urteotan ikusle kopurua handituz joan da. «Iaz 25.000 lagun bildu ziren zinema aretoetan. Argi dago ikusleei egungo Latinoamerikako zinema erakargarriagoa zaiela», gehitu zuen. Festibalak aldaketa politiko eta sozial horiek azaltzeko duen xede horretan, aurtengo edizioan, Brasilek leku berezia izanen du.

«Lula presidenteak Brasilen aldaketa asko eragin ditu. Urrian hauteskundeak izango dira, beraz, Lularen urteen balantzea egin nahi izan dugu», argitu zuen. Hitzaldietatik kanpo, Brasilgo fikziozko filmak, dokumentalak eta film laburrak izanen dira ikusgai lehiaketan izango diren proiekzioetan.

Alta, Brasilgo gizartearen bilakaera ez da jaialdiak islatu nahi izan duen Latinoamerikako irudi bakarra. «Gure jaialdiaren berezitasuna kontuan harturik, gure xedea zinemagile eta aktore gazteei bultzada ematea da. Gazteen bitartez ikusten da gizartearen bilakaera. Biarritzeko festibalari esker, zinemagile eta aktore askok euren lanak Estatu frantsesean ezagutarazteko aukera izaten dute», nabarmendu zuen Bonduelek arlo horretan erreferentzia bat bilakatu zirela esanda.

Lehiaketan izango diren fikziozko pelikulen zerrenda ez da guztiz finkatua oraindik.

«Fikzio sailean dauden hamar pelikuletatik bi baino ez ditugu. Halere, aurten, Argentina, Mexiko eta Brasiletik datozen filmetatik at, Kolonbiako produkzioek, leku berezia izanen dute lehiaketan», gaineratu zuen.

Kolonbiako zinema Cartagenako nazioarteko zinema jaialdiari omenaldia eginez ezagutaraziko dute. Latinoamerikako festibalik zaharrena da Cartagenakoa, eta aurten berrogeita hamar urte betetzen dira sortu zenetik. Hitzordu horretan sarituak izan diren filmen selekzio bat aurkeztuko dute Biarritzen.

Horrekin batera, urtero Biarritzeko jaialdian egiten diren atzera begirakoen sailean, «independentzia gerrak eta iraultzak Latinoamerikan» gaia izanen dute ardatz proiektatuko diren hamabost filmek.

Musika emanaldiei dagokienez, Onda Vaga uruguaitar eta argentinar taldea, Barbara Luna kantaria, Kolonbiako La Nueva Edicion taldea eta Brasilgo Ens'batucada izanen dira.

4.500 FILM

Latinoamerikan gero eta film produkzio gehiago dagoela adierazi du jaialdiaren zuzendariak. Aurten, antolatzaileek 4.500 film ikusi dituzte lehiaketan parte hartzen duten filmak aukeratzeko.

BESARKADA SARIA

Biarrizko jaialdian hiru lehiaketa nagusi izanen dira: film laburrak, dokumentalak eta fikzioak. Guztiak Besarkada saria eskuratzeko lehiatuko dira. Irailean zabalduko da aukeratu filmen zerrenda.

Luis Sepulveda Txileko idazlearekin topaketa

Literatur topaketek arrakasta handia izaten dute Biarritzeko jaialdian. Aurten, Txileko Luis Sepulveda idazleak hartuko du parte. Urtarrilean kaleratu «La sombra de lo que fuimos» bere azkeneko eleberria aurkezteaz gain, bere obra oinarritzat duten pelikulak ikusi ahal izanen dira Biarritzen. Horretaz gain, Sepulvedak berak filmatutako «Nowhere» proiektatuko da. «Jaialdiaren azken egunerako Sepulveda eta Iban Zaldua euskal idazlearen arteko topaketa antolatu dugu. Literaturan aurten oso egitasmo aberatsa izanen dugu», nabarmendu zuen Marc Bonduel zuzendariak. Luis Sepulveda aurtengo gonbidatu nagusia bada ere, Latinoamerikako beste zenbait idazle ere hurbilduko dira Biarritzera. Luis Britto Garcia venezuelarra, Lucia Puenzo argentinarra eta Juan Villoro mexikarrarekin topaketak izanen dira.

Azkenik, Christian Poveda Salvadorren 2009an zenduriko idazle, zinemagile eta argazkilariaren «Les Maras» izeneko erakusketa paratuko dute jaialdian. Haren argazkiekin batera, «La vida loca», El Salvadorreko bandei buruz egin zuen pelikula, proiektatuko da.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo