Guggenheim museoak lau jazz gaualdi antolatu ditu Bilboko Aste Nagusirako
A. BILBAO | BILBO
Azken urteotan egin duen legez, Guggenheim museoak, erakusketez gain, lau jazz emanaldi antolatu ditu Aste Nagusirako ekarpen gisa. Lehena, gaur bertan izango da, eta Christian Howesen laukotea izango du protagonista. Estatubatuarrak Hamilton Hardin (pianoan), Cedric Easton (baterian) eta Pablo Martin (baxuan) izango ditu lagun.
Bihar, Jose Alberto Medinaren hirukoteak joko du (J.A.M. Trio), Dick Oatts saxo-jotzaileak lagunduta. Bartzelonan sortutako hirukote interesgarria da J.A.M. Trio, akustikoan soinu propioa bilatzen dabilena, kantu propioen bidez. Etzi, berriz, telebistako antzezle lanagatik ezaguna den Mamen Garciak (Patxinguer Z taldeko abeslari ere bada) «El Cofrecito» aurkeztuko du laukotean, pianoaren aurrean.
Egitaraua Fredrik Carlquist saxo-jotzaileak eta Dave Mitchell gitarra-jotzaileak zuzentzen duten laukote eskandinaviarrak itxiko du, ostegunean. Garry Filmisterren kontrabaxuak eta Joe Smithen perkusioak osatzen du laukotea, eta lan bikaina aurkeztuko dute.
Zuzeneko musika gaueko hamaiketan hasiko da, eta museoa goizeko ordu biak arte izango da zabalik, bertaratzen den orok jazz musika entzuteko aukera ez ezik, Anish Kapoor-en, Henri Rousseau-ren eta Robert Rauschenbergen «Gluts» erakusketak ikusteko parada izan dezan. Sarrerek 14,5 euro balio dute.