GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Bilboko Aste Nagusian, Oskorri Plaza Barrian

«Erdizka bietan, kanpotik bi, eskuin eta berriro; luze eta jauzi bietan»

Hiriaren bihotzean eman zuen estreinako aldiz Iraultza frantsesean galdutako dantzak berreskuratzeko asmoz gauzatu duen egitasmo berria Oskorri taldeak.

p039_f01_122x092.jpg

Anartz BILBAO

Bilboko Plaza Barrian, etxeko sukaldearen berotasunean jo zuen herenegun Oskorri talde gazteak. Folk doinu dantzagarriak jotzen hamarkada batzuk egin dituen arren -datorren martxoaren 23an 40 urte beteko dira lehen aldiz oholtzara igo zirenetik-, gaztea, belaunaldi ezberdinak erakartzeko ahalmena duelako. Gaztea, baduelako grina egitasmo ezberdinetan murgildu eta atzokoan legez, aspaldi desagertutako kantuak berreskuratu, beraien moldera ekarri eta plazaratzeko.

«Oskorri dantzariekin» du egun aurkezgai taldeak, «Erreboluzio frantsesean galdutako dantza zahar birsortuak» plazaratzen dituen egitasmoa, eta lehen aldiz herenegun Bilbon eman zuena -hamalau dantza berri estreinatu zituzten-, Baztanetik etorritako dantzari zazpikotearen laguntzarekin. Dantzak Juan Ignazio Iztuetari zor zaizkio, 1789an Frantziatik ekarri moda berrien poderioz, Gipuzkoako antzinako dantzen galera gaztetan ezagutu, eta minduta, aipatu dantzak eta doinuen partiturak bildu zituen-eta.

Beraz, bizkaitar musika talde bat eta nafar dantzari zazpikotea elkarrekin, hamalau dantza gipuzkoar ezagutzera emateko.

Hamaika eta erdiak puntu-puntuan ireki zuen ekitaldia musikari zazpikoteak -gehienak jantzi ilunez-, «Hondarrabia txikia» kantuarekin, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean paratutako oholtzan. Eta emakume batek dantzarako gidak ematen zituen bitartean, «Ezker, eskuin, ebats eta berriro; jauzi, erdizka, eskuin eta hiru...» baztandarrak, hiru gizon eta lau neska, oholtza erdian eta biribilean jiraka jardun zuten, kalekoz jantzita, dantza lasaian.

Ordurako plaza txiki egin zuen taldeak, eta zalez mukuru ageri zen. Aulkietan jarrita zeudenak inguratuz, ertzetara ere makina bat lagun bertaratu zen, adinez nagusitxoak gehienak, konpartsen alkandora kolore anitzez jantzita batzuk. Eta hasieran zuzenekoari arreta handirik jarri ez bazioten ere, terrazetan kontu-kontari edo arkupetan zurrutean ari ziren gaztetxoak ere gustura zeuden, gau giro bikainean. Zeruan, lainoekin borrokan, atzo guztiz bete zen ilargia zebilen kukuka.

Ohi bezala, Natxo de Felipek gidatu zuen gaua -eta bere esanetan gezurrak kontatu- kantuak aurkeztuz eta imintzioka. Lehen kantua hasi eta morroi bat baino ez zen ausartu oholtza aurreko gunetxoan dantzatzera. Kantua bukatu orduko bikotea zuen alboan baina, eta aurki baita hirugarren bat ere, tantaka-tantaka lerro oso bat osatzeraino. Eta gehienak adi-adi oholtzara so bazeuden ere, ertzetan sakabanatuta aurkitu genuen taldetxoren bat edo beste dantzan, ikasi guran.

Lehen kantuari «Ehun dukatekoa», «Erribera» eta «Galanta»k hartu zien txanda. Kantuak hots onomatopeikoz dotoretzen zituen De Felipek, eta musikari dagokionez, txuntxuna eta txirula nabarmenduko genituzke. Gero dantzariei atseden eman eta bere kantu sorta oparoko ale batzuk eman zituen taldeak, «Desertore» laneko «Alferreko jolasak» lehenengo eta bertsolariek Lamikizen sukaldari zuten Maria Angelesi eskainitako «Lamikizko sukaldaria» gero. Eta bertsolariak aipatzen hasita, Xabier Amuriza ere hartu zuten gogoan, «Vizcayatik... Bizkaiara» laneko kantu bat jota.

Lehen ordu erdia igarota, beste dantza txanda bati ekin zioten ondoren: «Mispirotz»ekin hasita, «Amorea Margaritatxo», «Erregela zaharra», «Azalandare», «luze eta ebats» eta «San Sebastian» -Bilbon!-, denak errenkadan. Gure alboan, kantuei «antzinako sonoritatea» antzematen ziela ere entzun genion entzule bati.

Mozkorrak ere kantari

Dantzariek bigarren geldiune bat ere izan zuten, eta De Felipek esan zuenez, «dantzarako aitzakiarik ez izateko», oso kantu ezagunak jo zituen taldeak: «Ipurdi dantza», Laukizen Eustakio Larrabeiti Euleari entzundako «Zortzi nobio» eta melodia ederreko «Mode». Eta baztandarrek hirugarren txanda dantzatu zuten gero, Basauriko laguntzaile eta guzti. Gero «taldearen kanturik primitiboena» omen den «Aita-semeak» eta «Katuen testamentuak» itxi zuten kontzertua, zaleen oihu eta txalo sortek «Atzo goizean» eta «Furra furra» jotzera derrigortu zituen arte. Pentsa zein ezagunak diren aipatu abestiak, zuzeneko bakoitzak izan ohi duen mozkor espontaneoak ere kantatu zituela, ozen.

Behin plaza beteta, helburua, De Felipek ihardetsi zuenez, «plaza bete dantzari» lortzea zen -agian aulkirik gabe behar zuen plazak-, baina tarteka baino ez zen lortu zaleak oin jolasetan hastea. Datorren urtean, akaso.

Eta ahaztu aurretik, hona azken dantza sorta: «Upelategi», «Betronio haundia», «Napartxo», «Punta motz» eta «Quarrentako erregela»: «...eskuin eta fini!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo