GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estres maila gorena pairatzen duenak bihotzeko arazo larriak eta buruko gaixotasunak izan ditzake

Estresa ez da txantxetako kontua. Askotan oporraldi bat hartzea nahikoa da eguneroko bizitzara indarberrituta itzultzeko, baina beste batzuetan jasanezina bihurtzen den egoera batek arazo larriagoak sor ditzake.

p016_f01_251x145.jpg

Nagore BELASTEGI

Laneko jazarpena, edo mobbing delakoa, azken urteetan bolo-bolo dabilen kontua da. Lankideak beste baten kontra aritzen direnean sortzen da, eta denbora batera erasoa jasaten duenak lanera joateari beldurra hartzen dio. Biktimak gainerakoek esandakoak barneratzen ditu eta estres handia eragin diezaioke egoera horrek. Eskoletan gaztetxoen artean gertatzen den bullying-aren gisako fenomenoa da, baina lan munduan gertatzen dena.

Arazo horri aurre egitea ez da erraza, askotan erasotako pertsonak ezin baitu inora jo, lana galtzeko beldur delako edo ez duelako norekin hitz egin. Hala ere, Bernabe Tierno psikologoak EHUko udako ikastaroen barnean arazo honi aurre egiteko gomendioak eman zituen. Bere ustez, estres egoera batetik ateratzeko ezinbestekoa da arazoa onartzea. Beraz, pertsona batek bere lankideak bera zapaldu nahian dabiltzala ohartzean, haien aurrean indartsu agertu behar du, ondo dagoen itxurak egin eta bakarrik egonda ere ondo moldatzen dela erakutsi. Psikologoak nabarmendu zuen, arazoa konpontzen ez bada, hobe dela lana uztea, estres egoera luze batek osasunean kalteak eragin ditzakeelako.

Estresak hiru fase ditu. Lehenengoan alarma pizten da, normala ez den zerbait gertatzen denean. Adibidez, errepide bat gurutzatzean auto bat ondotik pasa eta ia harrapatzen gaituenean. Organismoak jarduera fisiko handia sortzen du, egoera berri horri lehenbailehen aurre egiteko. Gertaera amaitutakoan, hau da, autoa igaro ostean, organismoa bere onera itzultzen da. Fase horretako estresa onuragarria da gizakiarentzat.

Beste kasu batzuetan estres egoera mantendu egiten da, luzeago irauten du, mobbing-a gertatzen denean, familian buruhauste bat dugunean edo maitasun arazoak sortzen direnean, esaterako. Organismoak alarma egoeran jarraitzen du, baina lehen faseko maila mantendu ezin duenez, bigarren fasera igarotzen da gorputza. Egoera horretan denbora luzez mantendu daitekeen hiperaktibatzea sortzen da.

Bigarren fasean estresa mantendu egiten bada, gorputza hirugarren fasera, larrienera, pasatuko da: organismoak indarrik gabe gelditzeko arriskua dauka, eta eragiteko gaitasuna galtzen du. Gorputza guztiz nekatzen bada, osasun arazo larriak sor daitezke, baina tratamendu psikologiko egokia hartuta egoera horri buelta ematea eta pixkanaka estres egoeratik ateratzea posible da.

Estresak gorputzeko atal desberdinetan eragin dezake. Arteria-presioa eta kolesterol maila igo ditzake, hipertentsioa eragin, gosea gutxitu eta arritmiak izateko arriskua sortu ditzake, eta ondorioz, bat-bateko heriotza eragin dezake. Era berean, estresak garunari eragiten badio, depresioa, beldurra, eskizofrenia edo sexu arazoak ekar ditzake.

Buruhausteak alde batera utzi

Estresaren hirugarren fasera iristea ekidin egin behar da arazo larriagoak ez izateko. Bizitza lasaitasunez hartzea ezinbestekoa da, eta umore ona izaten ikasi behar da, egoera txarretatik ere gauza onak atera baitaitezke. Beraz, egoera batek estresa sortzen digunean, arazo bat dugula onartzea da lehenengo pausoa eta, hurrena, konponbidea aurkitzen saiatu behar dugu, egoera zailei esker pertsonak indartu egiten baikara.

Kirola egitea ere lagungarria izan daiteke estresak kaltetzen dituen arnasketa, giharrak eta bihotzaren funtzionamendua hobetzen dituelako. Pertsonek astean egun bat behar dute lasai egoteko eta nahi dutena egiteko, deskonektatzeko eta indarberritzeko. Elkar asko maitatu arren, bikotekideei ere ondo datorkie noizbehinka bakarrik egotea, bakoitzak bere bizitza egin ahal izateko. Izan ere, ikerketek diote zoriontsuagoak direla askatasun maila bati eusten dioten bikoteak, beti elkarrekin daudenak baino.

Arnasketa eta erlaxazio teknikak ikastea ere oso baliagarria izan daiteke; norberari estresak eragin dion gorputz atalera baikortasuna zuzendu behar du, egoera kaltegarri horretatik ateratzeko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo