GARA > Idatzia > Ekonomia

MAASA enpresak hiru langile beren afiliazioagatik kaleratu dituela salatu du Solidari-k

50 bat langile dituen Noaingo enpresak lau langile kaleratu zituen oporrak hartu aurreko egunean. Langile horietako hiru Solidari sindikatu berriko kideak dira eta, sindikatuaren arabera, kaleratzeen «benetako zioa» horien afiliazioa izan da, enpresari lanik ez baitzaio falta.

GARA

Solidari sindikatuak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean protesta egin zuen atzo, Montajes Automovilísticos Alcalá SA (MAASA) enpresak lau kaleratze «diskriminatzaile» egin dituela salatzeko. 50 langile inguru dituen enpresako zuzendaritzak lau langile kaleratu ditu eta horietako hiru Solidari sindikatu berriko kideak direla azaldu zuen sindikatuak, ESK sindikatuaren zatiketatik sortutakoa. Hain zuzen, Volkswagen enpresarentzat autoetarako osagaiak egiten dituen Noaingo fabrikak, «aurrez pentsatuta eta maltzurkeriaz», udako oporren bezperan eman zien langileei kaleratzeen berri. Hori dela eta, Solidarik salaketa aurkeztu du, Nafarroako Gobernuak kaleratzeak diskriminatzaileak izateagatik «baliogabetzat» jo ditzan.

MAASAko langile batzordeko lehendakari eta Solidariko kide Iban Laguardiak kazetariei adierazi zienez, kaleratzeak sindikatuaren aurkako «errepresalia» izan dira, Solidarik Espezialisten eta Langile Ez Kualifikatuen Eskolako hauteskundeak irabazi izanagatik. Hain zuzen, aipaturiko hauteskundeetan Solidari UGTren eta CCOOren aurretik gelditu zen. Zentzu horretan, bi sindikatuok ez dietela inolako sostengurik eman kexatu zen Laguardia, eta egoeraren aurrean erakutsi duten «pasibotasuna» kritikatu zuen.

Bestalde, «enpresak iragartzen dituen kaleratze objektiboak» ez direla egiazkoak baieztatu zuen. Izan ere, enpresak soilik Volkswagen taldearentzat lan egiten duela azaldu zuen eta lanik ez dela falta, beraz, «guztiontzat dago lana, bereziki aurten», esan zuen. Era berean, enpresak beste neurri batez, hots, «aldi baterako lana erregulatzeaz» ez duela hitz egin nahi salatu zuen.

Hala, kaleratzeen «benetako arrazoia» langileen afiliazio sindikala dela nabarmendu zuen.

LANA BADAGO

Montajes Automovilísticos Alcalá SA (MAASA) enpresak Volkswagenentzat autoetarako osagaiak egiten ditu. Solidariren arabera, enpresan ez da lanik falta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo