GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte independentistek gogoz astindu dute bandera gorria igo dituzten mendi tontorretan

Gazte independentistak bidea egiten ari dira. Hamaika sasi ebaki dituzte Euskal Herrian barrena, udan egindako gazte martxetan eta, ehunka kilometro ibilian eman ondoren, makina bat gailur konkistatu dituzte. Horietan guztietan ipini dute euren bandera gorria, askatasun haizeak astin dezan.

nafarroa2.jpg

Oihana LLORENTE

Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil». Horixe dio Dut taldearen abesti ezagunak. Uda honetan ordea, haizerik gabe astinaldi ederra eman diote gazte independentistek bandera gorriari eta tontor ugaritan utzitako aztarna bilakatu da independentziaren aldeko bandera gorria.

Gazte gipuzkoarrek ekin zioten lehenbizi bideari uztaila erdialdean; arabarrek jarraitu zieten ondoren; eta abuztua hasieran etorri zen Nafarroako gazte martxa. Gazte bizkaitarrak hirutan aritu dira ibilian, hiru gazte martxa antolatu baitituzte herrialdean barrena. Joan den igandean, berriz, Okabe gailurra izan zen Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gazteen helmuga eta, gainerako gazte martxen antzera, «Astindu bandera gorria! Goazen independentziara!» lelopean egin zuten ibilbidea.

Amaia Elixiri gazte independentista lapurtarrak hiru herrialdeotako gazte martxa «biziki positiboa» izan dela adierazi dio GARAri eta egun «benetan ederra» igaro zutela aitortu.

Nafarroa Behereko mendirik garaiena da Okabe eta gailurrera igo ziren 25 bat gazteek independentzia hizki larriz idatzi zuten bertan. Maldan behera jaitsi ondoren, bazkaria goxoa eta arratsalde pasa ederra zuten zain guztiek.

Elexiriren iritziko, udan gazteei zuzendutako eskaintza «eskasa» da Euskal Herrian, eta are «eskasagoa» Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez; «Euskal Herria saldua den heinean euskal herritarrei egiten zaien eskaintza urria da eta, gehiena, folklorizatua», salatu du.

Iratiko oihan inguruan egindako gazte martxarekin beraz, independentzia aldarrikatzeaz gainera, gazteei zuzendutako eskaintza berezia egitea zuten helburu; bai eta hiru herrialdeetako gazte abertzaleek elkar ezagutzeko parada izatea ere.

Okabeko gazte martxa ordea, gainerako gazte martxen segida izan da, ehunka kilometro egin baitituzte uda honetan gazte independentistek. Azpeitian abiatu zuten lehendabiziko martxa eta Zaldibian zeharkatu zuten helmuga, Legorreta eta Errezil atzean utzita. Arabarrek Ozaeta eta Agurain batu zituzten eta nafarrek Sakana eskualdea gurutzatu zuten. Mendiari gustua hartu diotenak bizkaitarrak izan dira, Santurtzitik Soduperako bidea egin ostean, Txorierri, Uribe-Butroe eta Busturialdea ezagutu zituzten eta. Azken gazte martxa egiteke dago oraindik; Uribe Kostan barrena izango da independentziaren aldarriaz bustiko duten azkena.

Gazte martxak mendi ibilaldi arruntak izatetik harago, elkar ezagutzeko eta prestakuntzarako gune ere izan dira. Udalekuetan haurrek elkar ezagut dezaten egin ohi dituzten jolasak egin dituzte, herri desberdinetako gazteen artean harremana sortzeko aukera eskainiz. Alta, lotsa erabat alboratzeko gau parterako antolatutako bertso afari, jaialditxo eta kontzertutxoak oso lagungarri gertatu dira.

Izerdi ugari botatzeko bakarrik ez, eztabaidarako eta ikasteko aukera ere izan dute gazte martxetan parte hartu duten gazteek. Nekazaritza, bertsolaritza edota hezkidetzaren inguruko tailerrak izan dira esaterako, bai eta euskararen egoeraren, krisiaren edo drogaren inguruko eztabaidak ere. Euskal gazte mugimenduaren historia bertatik bertara ezagutzeko beta ere eskaini zaie ekimen hauetan parte hartu nahi izan dutenei.

Udak indarberritzeko balio izan die gazte independentistei, eta hastear den ikasturtean, gailur nagusi duten independentzia eta sozialismoa gainditzen ahaleginduko dira.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo