Txilen gose grebalari maputxeen osasun egoerak okerrera egin du
Uztailaren 12az geroztik gose greban jarraitzen duten preso maputxeen egoera nabarmen larriagotu da, eta are okerrera egin lezake. Preso politiko horietako hainbat, hamabi eta hamasei kilo artean galdu dituztenak, osasun zentroetara eraman behar izan dituzte.
GARA
Txile hegoaldeko zenbait espetxetan gose greban jarraitzen duten 32 preso politiko maputxeen osasun egoerak txarrera egin duela salatu du Mexikok.
Maputxeen osasun egoera zaintzen duten boluntario talde bateko kide Nelson Reyes doktoreak Cooperativa irratian eskainitako elkarrizketa batean, presoek 12 eta 16 kilo artean galdu dituztela ohartarazi zuen.
Gose greban dauden preso politiko maputxeen eskakizunik garrantzitsuenak ondorengoak dira: Pinocheten diktadura garaitik datorren Lege Antiterrorista indargabetzea, maputxeak auzitegi militarretan ez epaitzea eta preso politiko maputxeak askatzea.
Uztailaren 12an ekin zioten protestari grebalari maputxeek eta horietako askoren osasun egoerak are okerrera egiteko arriskua dagoela adierazi zuen Reyesek. «Egun batetik bestera egoera larriagotu egin daiteke».
Joan den ostiralean, Elvis Millan eta Huaikilaf Cadin presoak osasun zentroetara eraman behar izan zituzten bihotzeko arazoak eta deskonpentsazioak zirela-eta. Reyesen arabera, deskonpentsazio kasu berriak agertzeko arriskua dago osasun egoerak txarrera egiten baldin badu.
Bestalde, Jaime Quintana senatariak gose greba gainditzen lagunduko duen lan mahai baten abiarazteko beharrezko gestioak egiteko konpromisoa hartu zuen, Angol espetxeko preso maputxeei bisita egin ondorenean.
Gose grebari irteera bat aurkitzeko Quintanak proposatutako ideia Manuel Camilo Vial apezpikuak plazaratua zuen aurretik.
«Gobernuak bi aukera posible ditu: alde batetik, presoak indarrez elikatzea eta, bestetik, irteera politikoa bilatzea: elkarrizketa mahai bat sortzea», azaldu zuen Quintanak.
Preso politiko maputxeek gose greba hasi zutenez geroztik eraso eta tratu txar ugari jasan dituztela salatu dute.