GARA > Idatzia > Kultura

Gatazken erakusleiho izango da aurtengo Zinema Mugimenduan

Donostiako Zinemaldiak irailaren 20an ospatuko du seigarren urtez Zinema Mugimenduan ekimena, hau da, bukatzear edo postprodukzio aldian dauden pelikulen emankizuna. Aurtengoan lau proiektu izango dira ikusgai, Iraketik, Jordaniatik eta Marokotik iritsitakoak, pobrezia eta herrien arteko gatazkak agerian uzten dituzten filmak laurak ere. Aukeratutakoetatik hiruk lehendik ere hartu dute parte ekimen honetan.
p039_f01_204x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Lau proiektu aukeratu ditu Zinemaldiak aurtengo Zinema Mugimenduan sailerako. Seigarren urtez eskainiko die Donostiako jaialdiak Magrebetik, portugesez mintzo diren herrialde afrikarretatik eta garapen bidean dauden herrialde arabiarretatik iritsitako pelikulei tarte hau. Proiektu hauek postprodukzio edo errodaje amaierako fasean daude, aurtengoan, Iraketik, Jordaniatik eta Marokotik iritsitakoak izango dira.

Irailaren 20an erakutsiko diren amaitu gabeko filmak honakoak dira, beraz: «Chaplin of the Mountains» (Irak), Jano Rosebianirena; «House for Sale» (Irak-Britainia Handia), Atia eta Mohamed Al-Daradjiren proiektua; «Sur la Planche» (Maroko-Estatu frantsesa), Leïla Kilanirena; eta «This is my Picture When i Was Dead» (Jordania-Herbehereak), Mahmoud Al Massadekena.

Lautik hiruk ez dute lehenengo aldia Donostian; «horrek erakusten du aurkeztutako proiektuen interesa», azaldu zuen atzo jaialdiak. Mahmoud Al Massad jordaniarrak eta Leïla Kilani marokoarrak hirugarren edizioan hartu zuten parte. «Recycle» eta «Nos Lieux Interdits» proiektuak aurkeztu zituzten, hurrenez hurren, eta jordaniarra izan zen garaile.

Mohamed Al-Daradji irakiarrak, berriz, «In the Sands or Babylon» proiektua aurkeztu zuen iaz eta bosgarren edizioko garailea izan zen, gero «Son of Babylon» izenburua jarri zion pelikula.

Kurdistandik Palestinaraino

Jano Rosebianiren «Chaplin of the Mountains» Kurdistango mendietan dago girotuta. Neska gazte kurdu batek emakumeen eskubideen alde borrokan diharduen kazetari bat ezagutuko du, bai eta NYUko bi zinema ikasle ere. Azken horiek, Kurdistango telebistako izar bat lagun dutela, Charles Chaplinen filmak galdutako herrixketan proiektatzeko asmoa dute. Guztiak batera, neskaren amaren sorterriaren bila abiatuko dira, Anfal genozidioan suntsituta utzi zutena.

Futbolarekin txundituta dauden hogeita hamar bat haur dira Atia eta Mohamed Al-Daradjiren «House for Sale» filmeko protagonistak. Bagdadeko Al Sadr City barruti arriskutsuko umezurtz etxean daude guztiak, sei metro koadroko gela txikian eta, harrigarria bada ere, erdiak Real Madrilen zaleak dira, beste erdiak berriz, Bartzelonarenak. Filmak agerian uzten ditu ume irakiarren eguneroko zailtasunak. Eskolaz gain, estatubatuarren eta milizien arteko borroketan etxea galtzeko arriskuari egin beharko diote aurre.

Leïla Kilanik Tanger hirian kokatu du bere istorioa. Otarrainxkak ontziratzen lan egiten duten hogei urteko bi neska gazte dira protagonistak. Lan zaila eta iraingarria askorentzat.

Aukeratuko laugarren filmak, Mahmoud Al Massaden «This is my Picture When i Was Dead»-ek, irudimen ariketa bat proposatzen du. Atenasen, 1983an, nazioarteko prentsak hilketa baten berri emango du, Bashir, lau urteko haurra, eta bere aita, Palestina Askatzeko Erakundeko tenientea. Baina, zer gertatuko litzateke, gaur egun berriz berpiztuko balira?

Zinemaldiko arduradunek azaldu zutenez, aurtengoan lehenengo aldiz, Dubaiko nazioarteko zinema jaialdiak postprodukziorako 5.000 euro banatuko ditu. Aurreko edizioetako laguntzak mantendu egingo dira gainera, soinu konponketentzat Mac´Tari auditorioak emandako 15.000 euroak edo Centre National du Cinéma et de L'image Animée-ren 5.000 euroak, esaterako.

LAGUNTZAK

Hainbat diru laguntza banatuko dituzte: soinua nahasteko 15.000 euro, frantsesezko edo ingelesezko azpitituluak egiteko 2.500 euro, eta aurten lehenengo aldiz Dubaiko nazioarteko zinema jaialdiak posprodukziorako banatuko dituen 5.000 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo