GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Keinu txiki eta aldi berean handiak

Gabonak oraindik ere urruti dira, baina udako eguzki-galdatan iritsi zaie Seaskako kideei Euskal Herriko ikazkinik ospetsuena. Olentzeroren oparia bailitzan jaso dute herritar batek egindako itzelezko oparia elkartean. 87 urte ditu Claire Haranak eta Baiona Ttipian kokatutako Hotel des Basquesen egoitza eman die dohaintzan Iparraldeko ikastolei.

Gurasoek joan den mendearen erdian altxatu eta suspertutako negozioa saltzekotan zegoen emakumea eta, jada aurreratua zuen gainera tratua, diru hori ez zuela behar jabetu zenean. Hotelaren egoitzari Seaskak edozein sustatzailek baino probetxu handiagoa aterako ziola pentsatu zuen nonbait. Antza, ezagunak zituen aurretik ere Seaskako kideak, urtero, azken hamarretan, Baionako jaietan hotelaren azpian kokatutako lokal bat uzten baitzien, euren proiektuetarako dirua bil zezaten.

Bi baldintza baino ez ditu jarri euskaraz ulertu bai, baina mintzatzen ez den emakumeak eraikina dohaintzan emateko sinatutako agirian: etxea euskara irakatsi eta defendatzeko baliatzea eta eraikinaren horman kokatutako Hotel des Basques izena daraman intsignia bertan uztea, hain zuzen ere, bere gurasoek urte luzeetan bertan egindako lanarekiko aitorpen gisa.

Pozik hartu dute erabakia Iparraldeko ikastolen elkartean, diru laguntzen murrizteak, Lakuako Gobernuarenak esaterako, eragindako itotasuna arintzeko balioko baitie, akaso. Dirutan asko, baina errekonozimenduan du akaso balioa keinuak; egunez egun, traba ugarirekin baina tinko egiten duten lanak euskaraz ikasi eta mintzatzen diren neska-mutilak ditu sari; Haranen keinuak kolektiboago egiten du saria, errekonozituago.

Oihartzuna hartu du Haranaren keinuak, ohikoak ez direlako; baina gehiago, askoz ere gehiago, behar badira ere, keinu txikiz jositako herria da gurea. Nork bere neurrian, zenbat borondatezko lan. Zenbat laguntza. Herriaren muinetik sortutako zenbat proiektu. Zenbat keinu txiki eta aldi berean handi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo