GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Izaga Irakaslea

Merezi izan du? Erantzun anitzeko galdera

Zazpi urteko lan desinteresatuaren ondoren, behin-behineko okupatzaileak badoaz Iraketik, ondo egindako lanak ematen duen gogobetetasunarekin. Afganistan ere prest egongo da laster demokrazia bere kabuz bizitzeko

Azkenean ez da horrenbesterainokoa izan. Zazpi urtean diktadura beldurgarri bat eraitsi, terroristak metaka hil eta erregimen demokratiko bat ezartzea ez da ahuntzaren gaueko eztula. Eta, egitekoa ondo egin izanak ematen dituen lasaitasuna eta gogobetetasunarekin, badoaz estatubatuarrak. Lehengo egunean atera ziren azken borroka-tropak, eta egunotan 50.000ra murriztuko dute han AEBen interesak zaintzen jarraituko duten soldaduen kopurua. Geratzen diren terrorista bakanak garbitzea Irakeko Armada demokratikoaren zeregina -eta mertzenarioena- izango da aurrerantzean.

Ez da horrenbesterainokoa izan, beraz. Galdetu irakiarrei zer nahiago duten, orain dela zazpi urteko egoera jasanezina ala oraingo egoera baketsu eta demokratikoa. Israelek hunkituta ikusten du tropa estatubatuarren irteera, hunkituta Irak demokrazia gazte baten jabea. Baina Isralelen poza ez da Iraken okupazioak bera mesedetzearen ondorio, bere kontzientzia demokratikoaren ondorio baizik; izan ere, zer interes izan zezakeen Israelek Iraken gerra piztu zedin? (edo orain Irani eraso diezaioten?). Tira, izan zitekeen interesa mundu osoarena zen, Ekialde Hurbileko estatu demokratiko bakarra izatearen bakardadea arintzea. Hortaz, azken asteotan bolo-bolo dabilen galderak (merezi izan du?) zalantzarik gabeko erantzuna du.

Alde ederra dago orain dela zazpi urteko Iraken eta oraingoaren artean. Orduan nabarmena zen hiru komunitate nagusiren arteko ezinikusia, alegia xiiten, suniten eta kurduen artekoa. Orain bake santuan gobernatzen dute herrialdea denen artean. Duela zazpi urte egoera latza eta heriotza ugari eragin zituen blokeo basati baten menpe zeuden, eta Mendebaldeko indar askatzaileak sartu zirenean, eurek ezarritako blokeoa altxatu zuten eta, hartara, zazpi urteren buruan, Irakeko herritarrek Babiloniako garai distiratsutik ezagutu ez duten ongizatearen jabe egin dira.

Zazpi urteko lan desinteresatuaren ondoren, behin-behineko okupatzaileak badoaz Iraketik, ondo egindako lanak ematen duen gogobetetasunarekin. Afganistan ere prest egongo da laster demokrazia bere kabuz bizitzeko, Mendebalde demokratikoaren armaden laguntzarik gabe, eta gainera afganiarrek ulertu behar dute munduan badirela eurek bezala indar askatzaileen laguntza behar duten beste herrialde batzuk. Jakina, harremanaren ondorioz maitasuna sortzen da, oraindik orain bi guardia zibil eta itzultzaile bat hil zirenean herritarrek kuartelaren kontra oldartuta erakutsi zuten bezala. Baina ulertu egin behar dute Iranek, Venezuelak, Kubak eta bestek ere eskubide osoa dutela norbaitek aska ditzan.

Herri horiek esperantzaz beterik begiratzen diete Irak eta Afganistani. Eta honaino ipuina. Galdetu Obamari merezi izan duen, nahiz eta erantzunaren arrazoia irakiar eta afganiarrenaz bestelakoa den. Herentzia pozoitsu bat gainetik kendu nahi du... pozoiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo